200 haritzondo eta 50 lizarrondo landatuko dira  bihar goizean Aparrainen, Zuhaitz Egunean

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 16a, 00:00

Autobusa Ugaldetxora 09:00etan abiatuko da Biteritik eta 09:10etan Ereñotzutik. Oinezkoak 07:30etan abiatuko dira udaletxetik.

Familia osoarentzat plan borobila izango dute bihar herritar gazte eta helduek. Aparrain mendiko azpialdean izango da 49. Zuhaitz Eguna, (XXV. Joxe Legarreta Zuhaitz Eguna). Bertan haritzak eta lizarrak landatuko dituzte elkartutako haur zein helduek. Guztira 250 arbol aldatuko dituzte, horietatik 200 haritzak izango dira eta beste 50, lizarrak. 

Hernaniko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako ikasleek eta herritar helduek parte hartu ahalko dute jardueran. Beraz, inguruko mendietan, 250 zuhaitza berriri bizitza emango diote bertaratutakoek.

 

Aparrainera iristeko bi modu izango dira

Zuhaitzak landatzeko tokira bi modutara iristeko aukera izango da. Autobusez joango dira Ugaldetxoraino, eta handik oinez iritsiko dira jarduera egingo den eremura. Autobusa 09:00etan abiatuko da Hernanitik (Elkano kaletik -Biteri Kultur Etxe ondoan), eta 09:10etan Ereñotzutik. Aparrainera oinez joango diren helduak, Gudarien plazatik 07:30etan aterako dira. 

 

Hamaiketakoa, Aparraingo bordan

Aparrainera iritsi bezain pron­to hasiko dira zuhaitzak lan­datzen: atxurra hartu, zu­loa egin, eta basozainak es­kainitako zuhaitza lurpera­tuko dute. Ondoren, Apa­rraingo bor­dara joango dira hamaiketakoa egiteko. 12:30ak aldera egingo dute buelta, eta horretarako autobusa aterako da, Ugaldetxotik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!