AP-8a itxiko dute gaur gauean, Astigarraga-Donostia parean

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 14a, 00:00

Donostiarako 19. irteera eta A-15 errepidearekin lotura egiten duena itxiko dute, gaueko 23:00etatik goizeko 04:00etara.

Iazko urritik egiten ari diren AP-8ko Urumea zubibideko zorua birgaitzeko obren baitan, gaur gauean autobideko langileak eta erabiltzeak babesteko erabili izan diren hormigoizko hesiak kenduko dituzte, «zorua ere freskatuko da eta obra seinale horizontalak margotuko dira», azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Horretarako, atzo autobidea itxi zuten, Bilborako noranzkoan, gaueko 21:00etatik goizeko 05:00etara. Eta gaur, berriz, Donostiarako 19. irteera eta A-15 errepidearekin lotura egiten duena itxiko dute, gaueko 23:00etatik goizeko 04:00etara. Kasu honetan, A-15 errepidetik, Iruñeko noranzkoan doazenei autobidetik jarraitzea gomendatu die Foru Aldundiak. Donostiara joan behar dutenek, berriz, 12. irteera erabili beharko dute eta GI-20 errepidetik jarraitu.

Amaitzeko, Foru Aldundiak,  proiektuaren helburua zein den azaldu du: «bidezubiaren hiru erreietako zorua birgaitzea da xedea, Bilborako noranzkoan. Egungo aglomeratua kentzea eta nahasketa bituminoso batekin ordezkatzea aurreikusten du, zoladura iragazgaitzagoa eta malguagoa lortzeko». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!