Sardinaren ehorzketarekin agurtuko dituzte Inauteriak hernaniarrek

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 13a, 00:00

Goizuetarrek, ordea, gaurko egun haundiaz gozatu ondoren, bihartik ostiralera atsedenerako tartea izango dute, eta Kontuen Egunarekin emanen diete amaiera karnabalei, larunbatean.

Erritmo biziko bost egunei amaiera emango zaie gaur, Hernanin, eta larunbatean Goizuetan. Hernaniarrek, ohiturari jarraituz, sardinaren ehorzketa ospatuko dute Gudarien Plazan, 18:30etan hasita. Kale buelta egingo dute beltzez jantzita eta negar malkoak lehortuz agurtuko dituzte Inauteriak. Aurten, gainera, 35 urte betetzen ditu sardinaren ehorzketa antolatzen duen konpartsak: «1989an Hernaniko koadrila bat arduratu zen ospakizuna prestatzeaz», azaldu dute antolatzaileek. Horrez gain, Mikel Carmona eta Juan Mari Beltran ere ekarri dituzte gogora: «Mikel Carmonak konpartsaren sorreran hartu zuen parte, eta duela gutxi zendu zen. Bera festaren animatzaile haundia izan zela gogoratu nahiko genuke». Juan Mari Beltranen kasuan, nabarmendu dute berak konposatu zuela «ibilbide osoan zehar hileta-martxa gisa interpretatzen den doinua». Dultzaina taldeak urtero hartu du parte, eta aurten ez dute hutsik egingo sardinaren ehorzketaren hitzordura. Amaitzeko, antolatzaileek diote, partehartzaileen artean txokolate goxoa banatuko dela arratsaldeko 18:00etatik aurrera eta herritarrei beltzez janzteko gonbitea ere luzatu diete.

Goizuetarrek, berriz, larunbatean emanen diete amaiera Karnabalei, Kontuen Egunarekin; baina horren aurretik, haundia izango da gaurko eguna, egitarau potoloarekin. Goizeko 09:00etan, mozorroen gosariarekin hasiko dute eguna, eta behin sabelak beteta, herrian zehar ibiliko dira. Bazkari baten bueltan bilduko dira denak eguerdian, eta arratsaldean izanen da Goizuetan hain kuttuna den Zahagi Dantza, Motzanetik hasita. Hori arratsaldeko 17:00etan izanen da, eta 19:00etan Astiazaranekin eta Andonegirekin erromerian gorputzak dantzan jarriko dituzte goizuetar gazteek zein helduek. Eguna borobiltzeko, mozorroen afaria ere izanen da gaur. Ondoren, larunbatera bitarte atsedenerako tartea izango dute herritarrek. Larunbatean berriro martxa hartu, eta Kontuen Eguna ospatuko dute, Karnabalei bukaera emateko.

Erlazionatuak

Inauteriak, astelehena

Kronika - Erredakzioa ots 12 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!