Ekain Lizeagak bigarren garaipena lortu du bere bigarren partiduan, Binakako Promozio Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 13a, 00:00

Eñaut eta Ekain Lizeagak elkarrekin jokatu zuten azkeneko partiduetako bat.

Promozio Txapelketan, Alberdi II.arekin batera, 22-18 garaitu zituzten Mata eta Arbizu. Expositok atzo 22-10 egin zuen Tolosan, Gaskuerekin batera, Agirreren eta Iztuetaren aurka. Lizeagak gaur bertan jokatuko du berriro.

Ekain Lizeagak ezin hobeto hasi du bere profesional ibilbidea. Larunbatean, Bilboko frontoian, Promozio Txapelketako bigarren partidua jokatu zuen, eta bigarren garaipena lortu ere bai. Alberdi II.arekin batera, 22-18 garaitu zituzten Mata eta Arbizu. Matak Iker Salaberria goizuetarra ordezkatu zuen. Lizeagatarren anai zaharrenak Morgaetxeberria ordezkatu du bi partiduetan, eta ordura arte garaipen bakarra lortu zuen bikoteak, jarraian bi partidu irabazi ditu, Lizeagaren eskutik. Gaur bertan bukatuko dute txapelketa, eta Lizeagak jokatuko du azken partidu hori ere. Aurkariak Dario eta Eskuza izango dira, Tolosako Beotibarren, 17:00etan.

Bestetik, Hodei Exposito astigartarrak atzo jokatu zuen Tolosan, eta Gaskuerekin batera, 22-10 galdu zuen Agirreren eta Iztuetaren aurka. Ostiralean jokatuko dute Altsasun, laugarren postua lortzeko aukerarekin, Zubizarretaren eta Ugartemendiaren aurka.

Afizionatuetan, partidu asko jokatu ziren joan den astean, eta azpimarragarriak dira Lesakako Arkupe Torneoko emaitzak. Eñaut Lizeaga astigartarrak eta Xabier Salaberria hernaniarrak finalerdietara sailkatzea lortu zuten. Salaberria eta Landak (Oiarpe) 22-20 irabazi zieten Elizalderi eta Oskozi (Oberena). Lizeagak, Etxeberriarekin (Eple) batera, 22-9 lortu zuen garaipena, Sarasibarrek eta Agirrek osatzen zuten bikotearen kontra.

Tolosako Inauterietako Torneoan, Eñaut Lizeagak eta Garmendiak 22-14 irabazi zieten Alberdiri eta Elorzari. Beñat Salaberria goizuetarrak eta Aizpuruk 17-22 galdu zuten Etxeberriaren eta Gabirondoren kontra.

10 garaipen eta 11 porrot, CD Hernaniko esku pelotariek

CD Hernaniko pelotariek emaitza erregularrak lortu dituzte asteburuan, une honetan jokatzen ari diren txapelketa ofizial eta pribatuetan. 10 garaipen eta 11 porrot izan da jardunaldiko azken balantzea.

Emaitza onenak torneo pribatuetan lortu dituzte. Zizurreko lau t'erdiko torneoan, Oier Arsuaga infantilak 16-11 irabazi zion Ugartemendiari (Aurrera), eta bi pelotari hernaniar final erdiak jokatzeko sailkatu dira.

Era berean, Gipuzkoako erren­dimendu txapelketako sailkapen fasea amaituta, garrantzitsua da CD Hernaniko hiru bikoteren sailkapena. Lehenengo mailako alebin eta infantil onenekin, azken fasea jokatzeko sailkatu dira Xuban Miranda eta Ohian Makatzaga alebinetan, eta Imanol Ormazabal eta Oier Arsuaga, eta Aratz Labaka eta Lier Zugasti infantiletan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!