Konpartsek, desfileek eta mozorroek girotu zuten atzo Urumea bailara

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 12a, 00:00

Iñude eta Artzainak Ergobitik irten ziren eta Astigarraga zeharkatu zuten.

Astigarragan amaitu dira Inauteriak, baina Goizuetan jarraipena izango du festak mozorroen kalejirarekin eta gazteentzako ekitaldiekin, Hernanin.

Abestiak euritan dantzan dion arren, nahiago izaten da ateri dantzan aritzea. Zeruari begira jeiki ziren asko eta asko atzo eta pozez ikusi zuten eguerdirako haizea eta euria nola desagertzen ziren. Horrek ahalbideratu zuen bailara dantzan jartzea Inauteri igandean, Iñude eta Artzainek Astigarragan, Zahagi Dantzako gaztetxoek Goizuetan, eta Ttarlaren konpartsako Zapotxin txiki eta haundiek Hernanin.

Atzokoa zuten aurreneko egu­na goizuetarrek, eta gaztetxoen Zahagi Dantzarekin eman zieten hasiera Karnabalei, ohi bezala. Gaurkoan, bestelako itxura hartuko du herriak. Mozorroak baserriz baserri dabiltzan bitartean, Historiaurreak hartuko ditu Goizuetako kaleak eta plazak, horixe baitute aurtengo gaia, Inauteri astelehenerako. Seguru dinosaurioren bat baino gehiago ikusiko dela herrian barrena. Goizeko 11:30etan hasiko dute kalejira, eta bazkari herrikoia egingo du­te ondoren umeek. Ondoren haurrentzako filma eskainiko da eta DJ Mikeltxik girotuko du arratsaldea. Mozorroak, berriz, iluntzean bueltatuko dira herrira, dultzaineroekin batera, mozorroen afari aurretik.

 

Axeri Dantza eta puzgarriak, gaur goizean eta eguerdian

Hernanin, berriz, amaitzear dira Inauteriak, laugarren eguna baitute dagoeneko. Baina bihar sardina ehortzi aurretik, egun ederra dute gaurkoan gozatzeko oraindik, haur eta gaztetxoek bereziki: Dianak esnatuko ditu hernaniarrak eta ondoren Axeri Dantza izango da. Eguerdian, Atsegindegin, puzgarriak jarriko dira eta arratsaldean, 16:00etan, erraldoi eta buru­haundien konpartsa irtengo da Plazatik, dultzaineroek lagunduta.

 

INAUTERIAK GAUR

GOIZUETAN

08:00, Mozorroen irteera
baserrietara

10:00, Plazaren apainketa. Eguraldi txarra eginez gero, frontoian. Gaia: Historiaurrea.

13:30, Umeen bazkaria

Ondoren, Haurrentzako filma

17:00, DJ Mikeltxi

20:00ak aldera, Mozorroen etorrera dultzaineroekin

20:00, Mozorroen afaria.

 

HERNANIN

09:00, Diana, Hernaniko Herri Musika Elkartearen eskutik

10:00, Axeri Dantza
gaztetxoentzat

12:00, Haur eta gaztetxoentzako puzgarriak, Atsegindegin

16:00, Erraldoi eta buruhaundien konpartsa, dultzaineroek lagunduta

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!