Gaztetxoen Zahagi Dantza, Iñude eta Artzainak eta mozorroen kalejira, gaur

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 11a, 00:00

Goizean goizetik gazte koadrilak mozorrotuta atera ziren kalera.

Goizuetan gaur hasiko dira karnabalak, Astigarragan Ergobitik irtengo da Iñude eta Aratzainen konpartsa, eta Hernanin Ttarlaren konpartsa kalejiran irtengo da.

Iragarpenak ez zuen hutsik egin eta inauteri bustiak izango zirela bete betean asmatu zuen. Hala ere, horrek ez zituen herritarrak kikildu eta kaleak kolorez eta festa giroarekin esnatu ziren atzo Hernanin eta Astigarragan. Maskuri soinuak esnatu zituen hernaniarrak eta hortik aurerra festak ez zuen etenik izan.

Gaur inauteriak indartuta jarraipena izango du Hernanin eta Astigarragan, eta Goizuetan lehenengo eguna biziko dute.

Indartuta, beste behin aterako delako kalera Iñude eta Artzainen konpartsa, Astigarragako kaleetara. Astigar Dantza Taldeak antolatuta, goizeko 11:30etan abiatuko dira Iñude eta Artzainak Ergobiko plazatik, makina bat pertsonaia eleganterekin batera: barkilleroa, apaiza, irakasleak, okinak... Ibilbidean lagun izango dituzte danborrada, txistulariak eta txaranga ere, eta Arrobitxulo, Kontxa Etxeberria, Anuska eta Pentagono plazetan dantzatuko dute, Joseba Barandiaran plazan bukatu aurretik, 13:00ak aldera.

Hernanin, berriz, mozorroen konpartsa da gaur eguerdian kalejira egingo duena, Ttarla dantza taldeak antolatuta Kaxkoan zehar, Paradorretik abiatuta. Eta Goizuetan, gaur arratsaldean izango da gaztetxoen Zahagi Dantza.

 

GOIZUETAKO
KARNABALAK

GAUR, igandea

17:00, Gaztetxoen Zahagi Dantza

19:00, Erromeria, Astiazaran II eta Andonegirekin

21:30, Mozorroen afaria


ASTIGARRAGAKO
INAUTERIAK

GAUR, igandea

11:30, Iñude eta Artzainen konpartsa, Ergobiko plazatik abiatuta. Euria eginez gero, 12:00etan Kontxa Etxeberria plazatik. Edonork hartu dezake parte, epokako jantziekin apainduta egonez gero. Astigar elkarteak antolatuta.


HERNANIKO
INAUTERIAK

GAUR, igandea

11:30, Inauterietako txaranga

12:00, Ttarla dantza taldearen konpartsa eta mozorroen kalejira, Paradorretik abiatuta.

18:00, Inauterietako txaranga

19:00, Hernani Musika Eskolako trikitilariak, kaleetan barrena.

19:00, 'WC' denentzako hitzik gabeko antzerkia, David Cebriánen eskutik, Atsegindegin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!