Inauterietan ez dute atsedenerako tarterik izango Hernaniko bi futbol talde nagusiek. Etxetik kanpo jokatuko dute gizonezkoen eta emakumezkoen lehenengo taldeek, urteko lehen garaipenaren bila.
Irteera zaila egokitzen zaio Euskal Ligako taldeari. Gaur jokatuko dute Zubietan 21. jardunaldiko norgehiagoka, 18:00etan, Realaren aurka. Donostiarrek oso talde sendoa dute, eta emaitza bikainak lortzen ari dira denboraldian; orain arte jokatutako 20 partiduetatik 15 irabazi dituzte txuriurdiñek, eta sailkapeneko bigarren postuan daude une honetan.
Hernani ere ondo lehiatzen ari da Euskal Ligan, baina ez du urte berrian garaipenik lortzeko aukerarik izan. Azken bost partidutan lau berdinketa eta porrot bat jaso du taldeak, eta sailkapeneko zazpigarren postuan dago. Zubietan irabazteak konfiantza haundia emango lioke Hernaniri, baina jokalariek badakite oso lan zaila izango dela, Realak urritik ez baitu partidurik galdu.
Ohorezko Erregional mailako mutilek Ordizian jokatuko dute. Arratsaldeko 16:00etan hasiko da partidua Altamira zelaian, eta aukera paregabea izango da Hernanirentzat 2024ko lehenengo garaipena eskuratzeko. Azken boladan dexente kostatzen ari zaio Hernaniri partiduak aurrera ateratzea, eta sailkapeneko azken taldearen aurka jokatuko dute gaur.
Ordiziak lau partidu bakarrik irabazi ditu aurtengo ligan; gainera, gol gutxien sartu (17) eta gehien jaso (39) dituen taldea da. Hori baliatzen saiatuko dira Hernaniko jokalariak, beharrezkoa baitute puntuak pilatzea goiko postuetara hurbiltzeko. Une honetan seigarren postuan dago Hernani, 31 punturekin. Tarte haundi xamarra dago igoera postuetara, baina partidu asko geratzen dira oraindik.
Mundarrok ez du jokatuko asteburu honetan
Hernaniko taldeek ez bezala, deskantsatzeko tartea izango dute Mundarroko jokalariek asteburu honetan. Gorengo mailan ez da jardunaldirik izango, eta hurrengo asteburuan ekingo diote berriro ligari.
Mundarrori ondo etorriko zaio atsedenaldia, azken bi partiduak galdu baititu talde astigartarrak. Akatsak zuzentzeko denbora izango dute aste honetan, eta Sanpedrotarraren aurka jokatuko dute hurrengo norgehiagoka.
Momentuz, maila mantentzearen helburua lortzeko moduko denboraldia osatzen ari da Mundarro. 22 puntu ditu dagoeneko, eta hamabigarrena da.