Ohi bezala, pistako denboraldia izan da protagonista azkeneko hilabeteotan, Urumea bailarako txirrindularien artean. Oparoa izan da sasoia, partehartzaileei eta emaitzei dagokienean; eta azken txanpan sartu dira: datorren asteburuan jokatuko dituzte Gipuzkoako Txapelketak Donostian, Anoetako belodromoan, errepideko lasterketetara salto egin aurretik.
Larunbatean, hilaren 17an, omnium probako txapelak izango dira jokoan, emakumezkoen kategoria bateratuan, eta gizonezko junior eta kadeteetan. Goizeko 09:30etan hasita, arratsaldera arte luzatuko dira lasterketak belodromoan. Hurrengo egunean, igandean, jokatuko dituzte gainerako probak.
Errepideko denboraldia martxan Gipuzkoan, otsailaren 24tik aurrera
Pistako Gipuzkoako Txapelketak jokatu, eta hurrengo asteburuan ekingo diote errepideko denboraldiari, Gipuzkoan. Gizonezkoen afizionatu mailako proba izango da aurrenekoa, otsailaren 24an; eta ohi bezala, Zumaian emango diote hasiera denboraldiari, Euskaldun Trofeoko probarekin. Goizeko 10:00etan abiatuko da 114 kilometroko lasterketa, normalean esprintean bukatzen dena.
Hurrengo egunean, hilaren 25ean, beste bi proba izango dira Gipuzkoan bertan. Batetik, emakumezko junior eta kadeteen lasterketa jokatuko da Errenterian, Ane Santesteban Saria. Arratsaldeko 16:00etan hasiko da, eta 59 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute txirrindulariek. Eguneko beste proba gizonezko juniorrena izango da, Eibarren: Udaberri Saria jokatuko dute bertan, 78 kilometrokoa, goizeko 09:45etan hasita.
Hortik aurrera, irailera bitarte luzatuko da errepideko denboraldia, eta gurean ere egingo du geldialdirik. Martxoaren 31n jokatuko dute gizonezko juniorrentzako lasterketa Astigarragan, Euskal Herria Torneorako puntuagarria izango dena. Eta Gipuzkoako Itzulien behin-behineko datak ere zehaztu dituzte dagoeneko: ekainaren 21etik 24ra jokatuko da gizonezko juniorrena, Idiazabal, Mendaro, Andoain eta Legazpi kokaleku hartuta; eta irailaren 6tik 8ra emakumezkoena, Ordizian eta Elgoibarren. Afizionatu mailako gizonezkoen Bidasoako Itzulia apirilaren 26tik 28ra izango da.
Azparren anaiek, AlUla Tourrean debuta
Profesional mailako txirrindulariek, berriz, dagoeneko hasi dute errepideko denboraldia. Saudi Arabian egin zuten debuta Xabier Mikel eta Enekoitz Azparren anai astigartarrek, urtarrilaren 1etik otsailaren 3ra bitartean; oraingoan, maillot ezberdina jantzita: Euskaltel-Euskadirekin jarraitzen du Enekoitzek, eta Q36.5 taldean ari da Xabier Mikel. Erregularra izan da bi anaietan gazteenaren itzulia, Enekoitzena: 40garren postuaren inguruan sailkatu da ia egunero, aurreneko multzoan edo lasterketa burutik gertu. Horri esker, 24garren bukatu du sailkapen nagusian.
Xabier Mikelena, aldiz, gorabeheratsuagoa izan da. Bigarren etapako ihesaldian sartu zen, eta 3 segunduko gainsaria lortuta, zazpigarren postuan kokatu zen sailkapen nagusian, etapa 21garren bukatuta. Baina hurrengo egunean, unerik txarrenean zulatu zuen gurpiletako bat, eta erabat jokoz kanpo geratu zen. Laugarren etapan, gainera, erorikoa izan zuen astigartarrak. Anaiaren ondoan helmugaratu zen azkeneko etapan (30garren eta 31garren izan ziren).
Gaur bertan, Murtziako Itzulia lehiatuko du Enekoitz Azparrenek, 199 kilometroko proba, 10:30etan hasita. Alhama de Murcia herritik abiatuko dira, eta hiriburuan bukatuko dute. Cresta del Gallo mendatea igoko dute helmugatik 12 kilometrora.
Xabier Mikel Azparren, bere aldetik, Almeriako Klasikoan ariko da bihar, 192 kilometrokoa. Eguerdiko 13:00etan hasiko da proba, eta litekeena da esprintean jokatzea garaipena.
Gure lurretan, Euskal Herriko Itzulia eta Donostiako Klasikoa izango dira proba nagusiak, profesional mailan: apirilaren 1etik 6ra jokatuko da gizonezkoen Itzulia, Irundik abiatuta; maiatzaren 10etik 12ra izango da emakumezkoen Itzulia; eta abuztuaren 10erako jarri du hitzordua gizonezkoen Donostiako Klasikoak.