'Esnearen kolorekoa' liburuari buruzko saioa, datorren asteartean

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 10a, 00:00

Nell Leyshonen liburua izango dute hizpide Irakurketa Klubaren otsaileko saioan, 19:00etan Erriberan.

Datorren asteartean, otsailaren 13an, egingo du hilabete honetako saioa Astigarragako Irakurketa Klubak. Iluntzeko 19:30etan izango da, Erribera kulturgunean; eta ohi bezala, Isabel Etxeberriak gidatuko du saioa, euskeraz. Edonork hartu dezake parte, eta doakoa da.

Oraingoan, 'Esnearen kolorekoa' liburua izango dute hizpide. Nell Leyshon idazle britainiarrak idatzia, Irene Aldasorok euskeratu zuen, eta Alberdaniak argitaratu 2019an.

Ingalaterran dago kokatuta liburuko kontakizuna, 1830 urtean. Mary da protagonista, ernegatutako baserritar baten alaba gazteena. Esnearen kolorekoa du ilea, eta jaiotzez akastuna hanka bat. Aitonaren ondoan sendatzen ditu lanez eta errietaz betetako bizimoduaren zauriak. Halako batean, ordea, bikarioaren emazte elbarritua zaintzera bidaliko du aitak, eta bizimodu berri horretan ezagutuko ditu bizitzaren hainbat alderdi berri, eta ikasiko du irakurtzen eta idazten. Baina horrek ekarriko dio, era berean, gizakiaren eta ustezko ongileen miseriak ezagutzea; eta baita hondamendia zeinen saihestezina izan daitekeen ere. Horren aurrean, idazkera ikasi berria baliatuko du Maryk, bere istorioa paperera ekartzeko.

 

Beste hiru literatur solasaldi, hilabete honetan

Otsailean bertan, beste hiru literatur solasaldi izango dira, Erriberan eta Biterin. Astigartarrek hilaren 26an izango dute gaztelaniazko saioa, 19:30etan Erriberan, Juankar Landak gidatuta: Antonio Muñoz Molinaren 'No te veré morir' liburua izango dute hizpide.

Hernaniarrek hori baino lehenago izango dituzte otsaileko bi solasaldiak, Biterin. Hilaren 20an egingo dute euskerazkoa, arratsaldeko 19:00etan liburutegian, Ane Mayozek gi­datuta: Marguerite Yourcenar idaz­learen 'Ekialdeko kontakizunak' liburua izango da solasaldiaren erdigunea. Gaztela­ni­az­koa hurrengo egunean egingo dute, hilaren 21ean, 19:00etan liburutegian hori ere. Saio horretan, Ismail Kadaré idazlearen 'Abril quebrado' izango dute hizpide, gaztelaniaz, Slawka Gra­bowskak gidatuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!