Inauteri giroan, zineaz gozatzeko aukera ere izango dute astigartarrek, bihar arratsaldean. Bi film eskainiko dituzte Erribera kulturgunean: 'Patrick' haurrentzat, eta 'La zona de interés' helduentzat.
Arratsaldeko 16:30etan hasiko da 'Patrick', Sophie Roy zuzendutako filma. Euskeraz jarriko dute, eta 88 minutuko iraupena dauka. Sarrerak 2 euroan daude salgai, 'astigarraga.eus' atariko sarreren atalean eta Erriberan bertan.
Hego bakarreko tximeleta da Patrick, eta gurdi batean ezkutatuta egingo du bere bizitzako bidaia zirraragarriena. Ezusteko heroi bilakatuko da, bi lagunekin batera: Marty izeneko beldarra eta Jennifer tximeleta, altuerari beldur diona. Horretarako, bere beldur haundienari egin beharko dio aurre Patrickek: bere berezitasuna onartzea, oztopoei aurre eginez arrakasta izateko, patroi klimatikoen, gizakien eta hiru txori gaiztoren kontra borroka egiten duen bitartean.
Auschwitzeko kontzentrazio esparruaren inguruetan kokatuta, helduentzako filma
Oso bestelako tematika izango du helduentzako filmak. Iluntzeko 19:00etatik aurrera eskainiko dute 'La zona de interés', Jonathan Glazerrek zuzendutakoa. 106 minutuko iraupena dauka, eta 12 urtetik gorakoentzat gomendatu dute. Gaztelaniaz eskainiko dute filma. Sarrerak 5 euroan eskuratu daitezke, 'astigarraga.eus' webgunean eta Erriberan.
Auschwitzeko kontzentrazio esparruaren inguruetan dago kokatuta filma. Bertan, Rudolf Höss komandantea eta Hedwig bere emaztea, bere familiarentzako ametsezko bizitza bat eraikitzen saiatuko dira, kontzentrazio esparrutik gertu, lorategia daukan etxe batean.
Martin Amis idazlearen 'La zona de interés' liburuaren moldaketa bat egin du Jonathan Glazerrek, istorioa komandantearen ikuspuntutik soilik landuta.
Pelikularik ez Biterin, asteburu honetan
Hernanin, bere aldetik, ez dute pelikularik jarriko asteburu honetan, Inauteriak tarteko. Datorren astean itzuliko da zinea Biteriko aretora, bi film eskainita: 'Patrick' jarriko dute haurrentzat, larunbatean eta igandean, bihar Erriberan ikusgai izango den pelikula berbera; eta 'Ferrari' ikusteko aukera izango dute helduek, larunbatetik astelehenera bitarte.