Elkarren hamaseigarren ilustrazio eta ipuin lehiaketa martxan da

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 8a, 00:00

Raquel Samitier eta Borja Goitia edizio berriaren prentsaurrekoan, Donostian.

Ipuinak, ilustrazioak eta komikiak entregatzeko azken eguna martxoaren 22a izango da.

Elkar Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketak aurrera jarraitzen du muga berri bat gaindituta. Aurtengo edizioarekin 16. aldiz jarri du martxan elkar Fundazioak haur eta gazteengan irakurzaletasuna eta euskeraren erabilera bultzatzea helburu duen lehiaketa. Urtero bataz beste, Euskal Herriko txoko ezberdinetako 10.000 haur eta gazteek hartzen dute parte, ilustrazioak, ipuinak eta komikiak bidaliz.

Aurten, Jon Ander Urkiagak idatzitako Azeri ase ezina ipuina irakurri eta ilustratu beharko dute txikienek. Koxkorragoek, berriz, Raquel Samitier ilustratzaileak sortutako ilustrazioan oinarritu beharko dute beraiek sortutako ipuina.

Azkenik eta nobedade gisa, aurten lehiaketako helduenek, bi aukera izango dituzte: Raquel Samitierrek hasitako komikiari jarraipena ematea edo beronen gaia mantenduz, hau da, mezutxoa botilan, komikia hasieratik sortzea.

Haur Hezkuntza 4 eta 5 mailetatik hasi eta DBH 3 eta 4 mailen arteko ikasleentzat dago zuzenduta lehiaketa. Gainera, sariak ederrak dira. LH 3 eta 4 mailetara arte jolas hezitzaile sorta eta 70 euroko opari txartela banatuko dira eta lehenengo sari bezala. Hamar euro gutxiago bigarren sariarentzat. Hortik gora tableta, jolas hezitzaile sorta ederra eta 100 eta 80 euroko opari txartelak banatuko dira.

Parte hartuko duten haur eta gazteei zuzendutako sari ederrez gain, ikastetxeei eskainitako sari bereziak izango dituzte aurten ere. Alde batetik, Laboral Kutxak bi ikasgelarentzat saria emango du; bestetik, Irrien Lagunen Klubak sari sorpresa batekin sarituko du ikastetxe parte-hartzaileetako bat.

Ipuinak, ilustrazioak eta komiki ala binetak aurkezteko epea martxoaren 22ra bitartekoa izango da. Informazio gehiago eskatu daiteke elkar.eus-en, lehiaketa@elkar.eus helbidean edo 943 310 301 telefono zenbakira deituta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!