Anartz Artola, Euskadiko txapeldun

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 6a, 00:00

Anartz Artola (erdian), Ibai Larrearekin eta Martin Diezekin, podiumean.

Ordiziako Mendi Lasterketa irabazi zuen hernaniarrak, eta Euskadiko Txapelketa ere jokoan zegoen.

Oparoa izan da asteburua, beste behin, bailarako mendi korrikalarientzat. Eta denetan emaitzarik nabarmenena, Anartz Artola hernaniarrak lortu du: Euskadiko txapeldun izan da gizonezkoetan, igandean Ordiziako Mendi Lasterketa irabazita. Izan ere, mendi lasterketen Euskadiko txapela ere jokoan zegoen Ordizian, 21 kilometroko lasterketan. Hernaniarrak 1:27:14 denboran osatu zuen proba, eta azkeneko esprintean nagusitu zitzaion Ibai Larrea antzuolarrari (1:27:16). Martin Diez segurarra izan zen hirugarren (1:29:41). 

Ibilbide azkarra izanik, bikain moldatu ziren atletismotik datozen hiru korrikalariak. Oier Ariznabarreta durangarra izan zen lasterketa buru hasieran, Artola eta Larrea segundu batzuk atzetik zituela; baina 13garren kilometroan, Murumendiko tontorretik pasata, aurrea hartu zioten bi gazteek, eta oso erritmo bizian osatu zuten Ordiziarako jaitsiera, garaipena azkeneko metroetan jokatzeko. Euskadiko Txapelketa irabazita, Espainiakoa lehiatzeko plaza lortu du hernaniarrak: martxoaren 10ean izango da hori, Murtzian. Aurretik, otsailaren 22an, Kanaria Haundian ariko da, Transgrancanaria lasterketako 21 kilometroko proban.

Emakumezkoetan, Onditz Iturbe igorretarrak (1:41:37) jantzi zuen txapela, Lide Urrestarazu ordiziarraren (1:42:38) eta Ainhoa Sanz urretxuarraren (1:44:22) aurretik.

 

Negu Trailen, Hodei Lujanbio laugarren eta Jon Ander Olazabal 10garren

Gipuzkoan bertan jokatu zen beste mendi lasterketa bat igandean: Negu Trail, 16 kilometroko proba, Berastegin. Eta horretan ere, aurreneko postuetan izan ziren bailarakoak. Hodei Lujanbio goizuetarra izan zen aurrenekoa helmugan, laugarren postuan (1:22:27). Horrela, aurreko asteburuan Donostiako Herri Ametsan lortutako podiuma errepikatzetik gertu izan zen Lujanbio (bigarren sailkatu zen Ulia mendiko proban). Sei postu atzerago, 10garren iritsi zen Jon Ander Olazabal hernaniarra Berastegiko helmugara (1:28:08).

Beste zortzi hernaniar ere izan ziren Negu Trailen. Emakumezkoetan, 17garren izan zen Nerea Iraola (2:09:19), 18garren Uxue Lopez (2:09:59), eta 37garren Amaia Lazkano (2:24:19). Gizonezkoetan, berriz, 32garren helmugaratu zen Xabat Alonso (1:34:16), 37garren Jon Murua (1:35:47), 129garren Julen Zuaznabar (1:53:16) eta 199garren Iker Zurutuza (2:24:19). Beste goizuetar batek ere bukatu zuen proba, Beñat Lekuonak, 203garren postuan (2:43:11).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!