Gipuzkoako binakakoaren lau txapelak, Urumea bailarara

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 6a, 00:00

Rosa Santos eta Martxeli Kanflanka, txapelak jantzita.

Rosa Santosek eta Martxeli Kanflankak irabazi zuten emakumezkoetan, eta Mikel Arroiok eta Joxe Mari Etxebestek gizonezkoetan.

Ederra egin dute Urumea bailarako bolariek, Gipuzkoako Binakako Txapelketaren finalean. Tiraldi bikaina osatu zuten igandean Aiako bolatokian, eta jokoan zeuden lau txapelak ekarri zituzten: emakumezkoetan, Rosa Santos astigartarra eta Martxeli Kanflanka ereñotzuarra izan ziren txapeldun; eta gizonezkoetan, Mikel Arroio hernaniarrak eta Joxe Mari Etxebeste astigartarrak lortu zuten garaipena.

Lau bikote finalisten artean, hasieratik bukaerara izan ziren onenak Santos eta Kanflanka. Bien artean 55 brila bota zituzten finaleko aurreneko tiraldian (Santosek 34 eta Kanflankak  21), eta final haundira sailkatu ziren, Nekane Etxeberriarekin eta Olatz Larrañagarekin batera (47 brila). Finaletik gertu izan ziren Miren Makatzaga eta Aitziber Makazaga (46). Eta buruz burukoan, nagusi izan ziren urumearrak: Santosek 33 brila botata eta Kanflankak 27, 60 brilarekin jantzi zuten txapela; Etxeberriak eta Larrañagak 47 brila bota zituzten bien artean.

Mikel Arroio eta Joxe Mari Etxebeste, txapelekin pozik.
 

Gizonezkoen finalean, berriz, 10 bikote aritu ziren; tartean bailarako hiru: Mikel Arroio hernaniarra eta Joxe Mari Etxebeste astigartarra; Fernando Gallego hernaniarra eta Benito Loitegi urnietarra; eta Aner Miner eta Ibon Miner ereñotzuarrak. Bakarrak lortu zuen lau bikoteren arteko final haundira sailkatzea: hirugarren izan ziren Arroio eta Etxebeste aurreneko tiraldian, 62 brilarekin, Txema Fernandez eta Roberto Ostolaza (65) eta Joxean Ormazabal eta Patxi Ormazabal (64) aurretik zituztela. Ekaitz Izagirrek eta Garbiñe Alustizak osatutakoa izan zen laugarren bikote finalista, 59 brilarekin; eta brila horiexek berak lortu zituzten Gallegok eta Loitegik, baina desenpatean galdu zuten pasea. Miner aita-semeek azkeneko postuan bukatu zuten, 51 brilarekin.

Eta final haundian, nabar­men nagusitu ziren Arroio eta Etxebeste, 83 brila botata (Arroiok 38 eta Etxebestek 45). Joxean eta Patxi Ormazabal izan ziren bigarren, 75 brilarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!