Bi garaipen lortu ditu Umore Onak Espainiako kluben arteko kopan

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 6a, 00:00

Antton Apezetxea, Beñat Apezetxea eta Eñaut Lizeaga.

Sailkapeneko bigarren postuan dago Umore Ona, Najerino liderrarekin berdinduta.

Emaitza ezinhobeak lortu dituzte asteburuan Umore Onako esku pelotariek, Espainiako kluben arteko kopan. Txukun Lakua talde gasteiztarraren aurka jokatu zuten, eta bi partiduetan lortu zuten garaipena goizuetarrek. Binakakoan Beñat Apezetxeak eta Antton Apezetxeak 2-1 irabazi zuten Uriberen eta Markaidaren kontra. Lehenengo jokoa gasteiztarrek irabazi zuten arren (4-10), nagusi izan ziren goizuetarrak ondoren (10-4; 5-0). 

Banakako partiduan aldaketa bat izan zen Umore Onan; Iker Ibargurenen ordez Eñaut Lizeaga astigartarrak jokatu zuen. Lizeagak ere 2-1 irabaztea lortu zuen, binakako partiduaren gisan, lehenengo jokoa galdu eta ondorengo biak irabazita. 

Hala, sailkapenaren goialdean egonkortu da Umore Ona. Bigarren sailkatuak dira, 15 punturekin, Najerino liderrarekin berdinduta. 

Bosgarren garaipena Expositok

Promozio mailako binakakoan garaipena lortu zuen Hodei Exposito astigartarrak. Gaskuerekin batera, 22-17 irabazi zuen Larrazabalen eta Salaverriren aurka. Hiru jardunaldi geratzen zaizkie ligaxka amaitzeko, eta seigarren postuan daude Exposito eta Gaskue. 

Iker Salaberria goizuetarrak, aldiz, ezin izan zuen jokatu larunbatean. Matak ordezkatu zuen Labriten, eta 22-16 irabaztea lortu zuen Arbizurekin batera, Bakaikoa-Ugartemendia bikotearen aurka. 

Asteburu ona CD Hernaniko pelotarientzat

CD Hernaniko pelotariek emaitza onak lortu dituzte asteburuan. Zizurreko lau t'erdikoan, esaterako, 16-5 irabazi zuen Oier Arsuaga infantilak, Lagunak taldeko Beitiaren kontra. Arkupe Torneoan ere Ekhi Oses-Otaegi bikoteak 18-3 irabazi zuen, Perez-Mendizabal bikotearen aurka.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!