Garaipenik gabe amaitu dute asteburua bailarako futbol taldeek

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 6a, 00:00

Pello Alberdi hernaniarra larunbateko partiduan.

Berdinketa lortu dute Hernaniko bi talde nagusiek, eta Mundarrok 1-0 galdu zuen Aieten.

Garaipenak eskuratzea kostatzen ari zaie azken boladan bailarako futbol talde nagusiei. Etxean jokatu zuten Hernaniko taldeek, eta ezin izan ziren berdinketatik pasa. Mundarrok, berriz, ez zuen punturik lortu Vasconiaren aurka; 1-0 galdu zuen Astigarragako taldeak. 

Gizonezkoen Ohorezko Erregional mailako taldeak 2-2 berdindu zuen Mutrikuren kontra. Beñat Mendizabalek eta Aitor Elizaldek sartu zituzten Hernaniren golak, baina ez ziren nahikoa izan hiru puntuak eskuratzeko. Berdinketa honekin, lau partidu daramatza taldeak garaipenik lortu gabe; urtea ez du nahi bezala hasi Hernanik. Asteburu honetan ligako azken sailkatuaren aurka jokatuko dute berdeek; Ordiziaren aurka, alegia. 

Antzekoa da emakumezkoen Euskal Ligako taldearen kasua. 2024an garaipenik lortu gabe jarraitzen du taldeak, eta sailkapeneko zazpigarren postuan kokatu da. Oiartzunen aurka 1-1 berdindu zuen Hernanik igandean, atsedenaldira galtzen joan arren, Enire Beainek sartutako gol bakartiarekin. Urteko lehenengo garaipenaren bila, jardunaldi gogorrenetako bati egin beharko dio aurre taldeak asteburuan, Zubietan jokatuko baitu, Realaren aurka. 

Puiotik esku hutsik itzuli zen Mundarro

Gutxigatik, baina puntuek ihes egin zioten Mundarrori. Vasconia liderraren aurka jokatu zuen Puion, eta 1-0 amaitu zen partidua. Astigartarrak 12garren postuan daude orain, eta Sanpedrotarraren aurka jokatuko dute asteburuan. Sanpedrotarra aurkari zuzena da; hortaz, garrantzitsua izango da moreentzat hiru puntuak etxean geratzea.

Erlazionatuak

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!