Santa Agedako azken entsegua izango da gaur arratsaldean, Ur-Mia elkartearen eskutik

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 2a, 00:00

Bailara osoko herritarrak arituko dira igandean, hilaren 4an, santa eskean; eta ereñotzuarrei dagokienez, gaur izango dute azken entsegua.

Hemen da, beste urte batez, Santa Ageda bezpera, eta ereñotzuarrek azken prestaketak egin nahi dituzte gaur, igandeko egun haundiaren aurretik. Urtarrilaren 26an egin zuten santa eskean aritzeko lehen entsegua, eta gaur egingo dute bigarrena eta azkena, Ur-Mia elkartean, arratsaldeko 19:30etan.

Bailara osoko herritarrak arituko dira igande honetan kantari herrietan barrena. Hernaniarrak izango dira goiztiarrenak. Urumea Ikastolako ikasleak goizeko 11:00ak aldera bilduko dira Gudarien Plazan. Sandiusterri egoitzan egingo dute lehen geldialdia, hortik Plazara abiatuko dira, eta Kaxkoan zehar murgilduko dira jarraian. Arratsaldean, Goiz Eguzki abesbatzaren eta Hernaniko Ohitura Zaharrak taldearen txanda izango da. Lehenek, arratsaldeko 17:00etan zaharren egoitza bisitatuko dute eta, ondoren, kale bira egingo dute alde zaharretik. Bigarrenen kasuan, 17:45etan elkartuko dira Milagrosan; baina arratsaldeko 19:00etan bi taldeak batuko dira Gudarien Plazan, bizpahiru abesti elkarrekin abesteko.

Goizuetarrei dagokienez, goizeko 11:30etan dute hitzordua herriko plazan, eta hala adierazi dute antolatzaileek: «Gustukoa baduzu, baserritarrez jantzita azaldu. Denon festa dugu Santa Ageda!  Haur, gazte, heldu...».

Azkenik, Astigarragan eguerdiko 12:00etan izango da kalejira. Aiztondo abesbatza arituko da kalez kale, Txirriskla elkarteko txistulariekin batera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!