Bailarako lau bikote sailkatu dira Binakako Bola Txapelketako finalera

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 30a, 00:00

Etxebeste-Arroio, Lotegi-Gallego, Aner-Ibon Miner, eta Kanflanka-Santos dira bikote finalistak.

Bailarako lau bikotek lortu dute Gipuzkoako Binakako Bola Txapelketaren finalera sailkatzea. Horietatik hiru gizonezkoen finalera sailkatu dira eta bikote bat emakumezkoen finalera sailkatu da. 35 bikotek hartu dute parte sailkapen tiraldietan eta hamar bikote sailkatzen ziren gizonezkoen finalera eta beste lau emakumezkoen finalera.

Mikel Arroiok eta Joxe Mari Etxebestek Zeraingo hirugarren tiraldia irabazi zuten, 93 brilarekin. Sailkapen orokorrean hirugarren amaitu dute, baina aurreneko postutik brila bakarrera geratu dira. Finala irabazteko faboritoetakoak dira. Benito Loitegi eta Fernando Gallego da bailarako bigarren bikote sailkatua. Laugarren amaitu zuten Zerainen eta sailkapen orokorrean seigarren amaitu dute. 

Aner Miner eta Ibon Miner  ereñotzuarrak atzetik aurrerako bidea egin dute, txapelketan zehar, eta azkenean sailkapena lortu dute hamargarren eta azken postuan. Hamaikagarrenekin berdinduta, azken bi jardunaldietan hobeto aritu dira eta horrek eman die sailkapena. Finaletik kanpora geratu dira Fermin Zuloaga eta Patxi Loreak (16garren) eta Leandro Miner eta Iñaki Miner (20garren). Aurreneko jardunaldian zortzigarren eta hamargarren amaitu zuten bailarako bikote onenak eta azken bi jardunaldietan lortu dute emaitza kaxkarrari buelta ematea. 

 

Nesketan ere sailkapena azken tiraldian

Nesketan, Martxeli Kanflanka eta Rosa Santos bikoteak azken tiraldian itxi zuen bere sailkapena. Erregular aritu dira txapelketan eta lau brilako aldearekin lortu dute sailkapena laugarren postuan. Finala igandean, Aiako bolatokian, jokatuko da eta goizeko 10:00etan hasiko dira bola tiraldiak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!