Odola emateko aukera izango dute gaur erreñotzuarrek, eta hilaren 31n astigartarrek

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 29a, 00:00

Gaur eta asteazkenean egongo da odola emateko parada.

Ereñotzuarrek arratsaldeko 17:00etatik 20:30etara eman beharko dute gaur odola, Auzo Udaleko aretoan. Astigartarrek, berriz, 16:30etatik 20:30etara Erriberan, asteazkenean.

Odola emateko aukera izango dute Urumea bailarako herritarrek gaur eta asteazkenean, hilaren 31, Odol Emaileen Elkartearen eskutik. Ereñotzuarrek urtean bi data izan ohi dituzte estrakzioak egiteko; gaur izango da urteko aurrenekoa, eta ekainaren 3an, bigarrena. Beraz, gaur pasa daitezke ereñotzuarrak odola ematera, arratsaldeko 17:00etatik iluntzeko 20:30ak bitartean, Auzo Udaleko aretotik.

Odol Emaile Elkartekoek gogorarazi dute garai hauetan odol estrakzio gutxiago izaten direla, eta horregatik herritarrak estrakzioak egitera animatu nahi dituzte.

 

Astigarrartarrek hilaren 31n

Astigartarrek, aldiz, asteazken honetan izango dute odola emateko hitzordua, arratsaldeko 16:30etatik 20:30etara, Erribera kulturgunean. Bi kasutan, odol Emaileen Elkarteak jakinarazi du aldez aurretik hitzordua eskatu behar dela, estrakzio egunean bertan, goizeko 08:30etatik, eguerdiko 14:30etara, ondorengo telefona deituta: 943 00 78 85. 

Astigarragako odol emaileek ere herritarrak odola ematera animatu dituzte, odol erreserbak «oso maila baxuetan» daudelako. Eta gogorarazi dute guztiok izan dezakegula odol beharra larrialdi egoera batean. 

Era berean, Astigarragako emaile guztiei eskerrak eman dizkiete: «Eskerrik asko inplikazioagatik, eta aurrera jarraitzera animatu nahi zaituztegu». 

 

Hernaniko odol emaileak omendu zituzten larunbatean

25, 40, 50, 60 eta 75 aldiz odola ematera heldu diren hernaniarrak omendu zituzten larunbatean. Herriko enparantzan elkartu ziren eta eskertzen eta talde argazkiaren ostean, Tripontzi jatetxera joan ziren ospatzera. Diplomak eta pinak bazkaldu eta gero banatuko zizkieten. 

Odol emaileek azpimarratu zuten estrakzioen aldetik beherakada haundia nabaritu dela, batez ere, Covid pandemiaren ostean. Gauzak hala, herritarrei odola emateko deia egin zieten: «Pandemiaren ostean jendea ez da hurbiltzen lehen bezala, eta jubilatzen den jendearekin jeitsiera nabarmena da. Dei berezia egiten diogu gazte jendeari odola emateko, odolaren beharra egunero izaten da eta».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!