18 kilometro eskatu dituzte dagoeneko goizuetarrek, Korrikan lekukoa eramateko

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 28a, 00:00

2017ko 'Korrika ttikia' Goizuetan. Argazkia: Felix Loiarte

Korrika batzordeak otsailaren 1era bitarteko epea jarri die goizuetarrei eta aranoarrei kilometroak erosteko, eta hortik aurrera salmenta orokorra jarriko da abian.

18 kilometro eskatu dituzte dagoeneko Goizuetan, 23. Korrikan lekukoa eramateko. Korrika batzordearen esanetan, jendeak gogotsu hartu du erronka, kilometroak erosteko aukera zabalik jarri eta berehala, emailak jasotzen hasi baitziren Goizuetako makina bat elkarte, eragile, koadrila eta familien partetik: «Urtarrilaren 17an eta 24an egindako batzordeetan ere nabaria izan zen herritarren jakinmina eta lanerako gogoa, batean zein bestean, 20 lagunetik gora bertaratu baitziren martxoaren 19ko festa prestatzera», gaineratu dute.

Duela 15 urte pasa zen azkenekoz, eta giroa hoztuta egon zitekeela pentsatuz, 2001, 2005 eta 2009 urteetan Goizuetatik pasa zeneko irudiak biltzen dituen bideoa zabaldu zuten, herritarrak aurten ere Korrikan parte hartzera deituz.

Goizuetarrek eta aranoarrek otsailaren 1era arteko epea izango dute hartu nahi dituzten kilometro kopurua zehazteko, eta hortik aurrera salmenta orokorra irekiko da; alegia, beste herrietakoek ere izango dute parada lekukoa hartzeko Goizuetatik Aranorako bidean. Gauzak hala, batzordeak herritarrak animatu nahi ditu ahalik eta azkarren goizuetakorrika@gmail.com helbidera idatzi eta kilometroa eskatzera. Bertan taldearen izena eta kontaktu bat zehaztu beharko dute, eta jarraian zehaztuko zaizkie kilometro zehatza zein izango den eta ordainketa nola egin behar den.

Korrika iritsi bitarteko giroa berotzea helburu hartuta, hainbat ekintza kultural antolatzen dihardu batzordeak. Zehaztu bezain pronto egingo da publiko egitaraua. Momentuz, korrikako petoa erosi nahi duenak Amaia Kafetegian eta Estankoan erosteko aukera du, 6 euroren truke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!