Odola emateko aukera izango dute bailarako herritarrek, etzi Ereñotzun eta 31n Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 27a, 00:00
Etzi arratsaldeko 17:00etatik 20:30etara izango da odola emateko aukera, Ereñotzuko Auzo Udaleko aretoan.

Horrez gain, Odol Emaileen Elkartetik guztira 17 hernaniar omenduko dituzte, gaur. Gudarien Plazan jarri dute horretarako zita 13:30etan, Tripontzin bazkalduko dute,eta  bazkalostean diplomak banatuko zaizkie omenduei.

Odola emateko aukera izango dute Urumea bailarako herritarrek datozen egunotan, Odol Emaileen Elkartearen eskutik. Ereñotzuarrek urtean bi data izan ohi dituzte estrakzioak egiteko; etzi izango da urteko aurrenekoa, eta ekainaren 3an, bigarrena. Beraz, etzi pasa daitezke ereñotzuarrak odola ematera, arratsaldeko 17:00etatik 20:30etara bitartean, Auzo Udaleko aretotik. Odol Emaile Elkartekoek gogorarazi dute «garai hauetan odol estrakzio gutxiago» izaten direla, eta horregatik herritarrak estrakzioak egitera animatu nahi dituzte.

Astigartarrek, aldiz, datorren asteazkenean izango dute odola emateko aukera, arratsaldeko 16:30etatik 20:30etara, Erribera kulturgunean. Bi kasutan, odol Emaileen Elkarteak jakinarazi du aldez aurretik hitzordua eskatu behar dela, estrakzio egunean bertan goizeko 08:30etatik, eguerdiko 14;30etara, ondorengo telefona deituta: 943 00 78 85. 

Astigarragako odol emaileek ere herritarrak odola ematera animatu dituzte, «odol erreserbak oso maila baxuetan daudelako». Eta gogorarazi dute guztiok izan dezakegula odol beharra larrialdi egoera batean. 

Era berean, Astigarragako emaile guztiei eskerrak eman dizkiete: «Eskerrik asko inplikazioagatik, eta aurrera jarraitzeko animatu nahi ditugu».

 
Omenaldia gaur, hamazazpi hernaniarri

Odol Emaileen Elkartetik hamazazpi hernaniar omenduko dituzte gaurkoan. Zehazki, donazio zifra borobila bete berri duten emaileak omenduko dituzte: odola 25, 40, 50, 60 eta 75 aldiz eman duten pertsonak. 

Gudarien Plazan jarri dute lehenengo hitzordua, eguerdiko 13:30etan. Bertan taldeko argazkia egingo dute omendu guztiekin, eta denak batera joango dira Tripontzira, bertan bazkaltzeko. Ondoren, bazkalostean, di­plomak eta pinak banatuko dizkiete Odol Emaileen Elkarteko kideek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!