Garaipenaren bidera itzuli nahi dute Hernanik eta Mundarrok

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 27a, 00:00
Hernanik hiru partidu berdindu ditu jarraian.

2024an ez dute partidurik irabazi Euskal Ligako eta Ohorezko Erregionaleko talde hernaniarrek.

Hernaniko talde nagusiek ez dute garaipenik lortu 2024an eta horren bila irtengo dira gaur eta bihar. Euskal Ligako nesken taldeak Elorriora bidaiatuko du gaur, 15:30etatik aurrera, bertako taldearen aurka jokatzera. Hernaniko Ohorezko Erregional mutilen taldeak bihar, 17:00etan, Beasainen aurka jokatuko du. Mundarrok bai, lortu zuen garaipena pasa den astean eta jarraipena eman nahi diote. Astigartarrak izango dira etxean, Zarkumendegin, jokatuko duten bakarrak. 16:00etan Irungo Mariño izango dute aurrez aurre.

Hernaniko Euskal Ligako neskek abenduaren 17an lortu zuten azken garaipena. Ordutik hiru berdinketa lortu dituzte. Zazpigarren daude sailkatuak, 32 punturekin, eta Elorrio aurkari zuzena da, 34 punturekin, bosgarren postuan.

Ohorezko Erregional mailako mutil hernaniarrek azken bi partiduak galdu dituzte etxean eta horrek lehendabiziko postuetatik aldendu ditu. Abenduaren 24an lortu zuten azken garaipena. Zazpigarren postuan daude eta Beasain B taldea azken postuan dago kokatuta. Berriz ere garaipenaren bidera itzultzeko aurkari egokia da.  

Mundarroko mutilek Errenterian eman zioten amaiera, pasa den astean, bolada txarrari. Bederatzigarren daude kokatuak sailkapenean eta bi garaipen jarraian lortzeak goiko postuei begira jartzen du ia edozein talde. Hori izango da moreen helburu nagusia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!