Atzar Hadik kontzertua larunbatean Oialumen, Hegoaldeko bakarra

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 24a, 00:00
Javier Pérez de Azpeitia hernaniarra da Atzar Hadi taldeko kideetako bat.

Euskal Herrian izan den rockaren hastapenari buruzko emanaldia da. Argazkiak, bideoak eta erreportaiak pantaila haundian ikusiko dira.

Oialume dantzalekuan, Atzar Hadi taldeak kontzertua eskainiko du datorren larunbatean, 22:00etan. Kontzertu berezia izan­go da, eta Hego Euskal Herrian bakarra, ziurrenik. 70eko hamarkadan Euskal Herrian eman zen rockaren hastapenean barrena bidaiatzen dute emanaldian. Taldeko kidea da Javier Pérez de Azpeitia hernaniarra. 

Kontzertuan, zuzeneko musika eta vintage diren argazkien eta bideoen proiekzioa nahasten dituzte. Argazkiak, bideoak eta erreportaiak pantaila haundian proiektatzen dira. Ekitaldi ikusgarri honek, 70eko hamarkada­ko Euskal Herrian barrena bidaian eramaten ditu ikusleak eta entzuleak, Errobi euskal folk/rock lehen taldearen obraren bidez. Hainbeste eraldaketa ezagutu zituen garai hura oinarritzat hartuz, haien musika, historia, musikarien eta urte haietako Euskal Herritarren bizitza ezagutzeko aukera izango da.

Ikuskizun honetan omentzen duten Errobi taldeak (1974-1979), gaurkotasun haundia atxikitzen du, musikan zein testuetan (gehienak Daniel Landartek idatziak). Bestalde, euskal talde aitzindari hark ospe haundia dauka gaurdaino, ia 50 urteren ondoren ere. Aurten betetzen ditu 50 urte Errobik, eta ospakizunen barruan Atzar Hadiren emanaldia dago.

Xabi Peryk koordinatzen du taldea. Ibilbide luzea du Ito­itzen, Fermin Muguruzarekin, Akokan edota Trikitrakan. Javier Pérez de Azpeitia hernaniarra teklatuan aritzen da eta lan egindakoa da Euskadiko Orkestrarekin, Urkorekin eta Laketekin. Taldeko partaideak dira, baita ere, Jojo Bordagarai, Patxi Etcheverry, Xabi Albistur, Patrick Calvet eta Mikel Artieda.

Emanaldirako sarrerak es­kuragarri daude atzar­hadi.com webgunean, eta baita sare sozialetan taldeak dituen orrien bitartez ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!