Puntu bat lortu zuten Euskal Ligako neskek Alaves liderraren aurka

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 23a, 00:00
Uxue Navarro izan zen golegileetako bat.

Hernaniko gizonezkoen taldeak 1-4 galdu zuen. Mundarrok, berriz, 0-1 irabazi.

Asteburu gazigozoa izan da bailarako futbol talde nagusientzat. Etxean jokatu zuten Hernaniko bi taldeek, eta ezin izan zituzten hiru puntuak Zubipen mantendu. 

Euskal Ligako neskek 2-2 berdindu zuten Alaves B liderraren kontra, Malenen eta Uxue Navarroren golei esker. Meritu haundia du Hernanik lortutako puntuak, eta talde gasteiztarrari garaipen bolada etetea lortu du. 

Egutegiari erreparatuz, aurkari zailei aurre egitea tokatzen zaio taldeari, eta Elorrion jokatuko dute asteburu honetan. Bigarren itzulia zazpigarren postuan hasi du Hernanik, eta orain arteko dinamikari eustea izango da helburu nagusia.  

Gizonezkoen taldeak ezin izan zuen ondo hasi ligako bigarren itzulia. Tolosaren kontrako partidua irabazten hasi ziren berdeak, Beñat Mendizabalen gol eder batekin. Atsedenaldira aurretik iritsi ziren arren, kanpoko taldea askoz ere hobea izan zen bigarren zatian, eta 1-4 amaitu zen norgehiagoka. 

Urtea goiko postuetan amaitzeko puntuak pilatzen jarraitzea komeni zaio Hernaniri. Asteburu honetan beste aukera bat izango du garaipenen bidera itzultzeko. Etxetik kanpo jokatzea egokitzen zaio, Beasainen, sailkapeneko azken taldearen aurka. 

Garaipen baliotsua lortu zuen Mundarrok, Fanderian

Bolada txarrari bukaera ematea lortu zuen Mundarrok larunbatean. Fanderian jokatu zuen partidua, Touringen etxean, eta 0-1 irabazita itzuli zen taldea Astigarragara. Zazpi partidu zeramatzan Mundarrok garaipenik eskuratu gabe, eta asteburuan lortutako hiru puntuekin sailkapeneko postu lasaietara gerturatu da. 

Asteburuan Mariñoren aurka jokatuko du Irunen. Garrantzitsua izango da partidua, aurkari zuzena baita Mariño.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!