Sagardotegietako bertsolari abilenentzat, X. Bota Bertsoa

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 20a, 00:00

2023ko sari banaketako argazkia.

Asko dira sagardoari trago pare bat eman eta kantuan hasten direnak, eta aurtengoan ere sariak lortzeko aukera izango dute. Doberak antolatuta, bueltan da 'Bota Bertsoa! ekimena. Lehiaketaren X. edizioa izango da aurtengoa, eta ondorengo gaiari erantzun beharko diote bertsolariek: 'Gaur gaurkoak, bihar biharkoak'.

Urteurren borobila beteko du aurten Doberak antolatutako 'Bota Bertsoa!' lehiaketak. Hamargarren edizioa izango da 2024koa, eta sekula baino sagardotegi gehiagotan parte hartu ahalko da. 

Hernaniko, Astigarragako, Ereñotzuko eta Urnietako 23 sagardotegitan jarriko dituzte postontziak, sagardotegietako bertsolari abilenek sortutako ale fiñenak gordetzeko. Aurtengo edizioko gaia 'Gaur gaurkoak, bihar biharkoak' da; hortaz, gai horrekin lotutako bertsoa osatu beharko dute parte hartzaileek, bakoitzak nahi duen doinuan eta neurrian, eta izen abizenak eta telefono zenbakia zehaztuta. 

Sagardotegietako postontzietan utzitako papertxoez gain, beste bide batzuetatik ere bertsoak bidaltzeko aukera izango da. Iazko modura, emailez dobera@dober.eus helbidera idatzi daiteke, eta, berritasun gisa, @doberaelk instagram kontuan ere jasoko dituzte bertsoak, bideoz, argazkiz zein idatziz. 

Apirilean egingo dute sari banaketa

Denboraldi guztia izango dute bertsolariek euren lanak prestatu eta entregatzeko. Sari banaketa apirilaren 26an izango da, ostiral arratsaldean. Doberako kideek zehaztu dute urteurren borobila ospatzeko ekitaldi berezia prestatuko dutela: «Emanaldi berezia antolatu dugu eta sorpresa mordoa izango dira. Urtero bezala, sari mordoa izango da: bi lagunentzako otorduak, sagardo kaxak, ekitaldietarako sarrerak...». 

Iazko langa gainditzea helburu

Arrakastatsua izan zen aurreko urteko edizioa; 100 bertsotik gora jasota. Hala ere, langa hori gainditzea da aurtengo helburuetako bat.

X. BOTA BERTSOA LEHIAKETAKO
SAGARDOTEGIEN ZERRENDA

HERNANI

ALTZUETA, AKARREGI, ELORRABI. IPARRAGIRRE, ITXAS-BURU, OLAIZOLA, OTSUA-ENEA, RUFINO ETA ZELAIA

EREÑOTZU
LARRE GAIN

ASTIGARRAGA
ALORRENEA, ASTARBE, BEREZIARTUA, GURUTZETA, IPINTZA, IRIGOIEN, LIZEAGA, OIALUME ZAR , PETRITEGI, REZOLA ETA ZAPIAIN

URNIETA
ELUTXETA

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!