Azken laurdenean lortu zuten garaipena Mundarroko mutilek

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 16a, 00:00

76-68 irabazi zuen LezoSKT taldearen aurka, azken laurdenean lortutako emaitza onaren ondorioz. 

Ederki sufrituta, baina garaipena eskuratu zuen Mundarrok larunbatean. Azken laurdenean eskuratu zuten garaipena astigartarrek, LezoSKT taldearen aurka. 

Oso berdindua izan zen partiduaren lehenengo zatia; atsedenaldi luzera 38-36 iritsi ziren. Hirugarren laurdenean errenta polita lortu zuen LezoSKTek, 15-23 partzialarekin, baina azken laurdenean erabaki zen norgehiagoka. Mundarro fin aritu zen erasoan eta defentsan, eta 23-9 partzialarekin garaipena lortu zuen. Azkenean, Mundarro 76-68 LezoSKT. 

Mundarroko neskek ere garaipena eskuratu zuten, AZ Casa de la Riojaren kontra. Moreek ondo kontrolatu zuten partidua, eta 42-38 irabaztea lortu zuten. 

Hernaniren kasuan, porrota jaso zuen bigarren mailako taldeak, jarraian lortutako bost garaipenen bolada etenda. 75-65 galdu zuen Elorri Aldapa liderraren etxean. Asteburu honetan derbia jokatuko dute, Mundarroren aurka.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!