Emaitza txarrak izan dituzte asteburuan futbol talde nagusiek

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 16a, 00:00

Axel Sanz hernaniarra, larunbateko partiduan.

Bailarako taldeek ez dute garaipenik lortu asteburuan. Bigarren itzuliari ekingo diote jardunaldi honetan. 

Emaitza kaxkarrak lortu dituzte asteburuan bailarako futbol talde nagusiek. Hernaniko gizonezkoen Ohorezko Erregional mailako taldeak 0-1 galdu zuen, Zubipen, Real Unionen aurka. Hala, bolada onari amaiera eman dio taldeak, zazpi partidu jarraian galdu gabe pasa ondoren. 

Lehenengo itzulia sailkapeneko seigarren postuan amaitu du Hernanik, 29 punturekin. Asteburu honetan hasiko dute bigarrena, Tolosaren aurka, etxean. Puntuak pilatzen jarraitzea komeni zaio Hernaniri postuak igotzen joateko; hala ere, oso estu daude kontuak sailkapenaren goialdean, soilik 7 puntuko aldea baitago lehenengotik seigarrenera. 

Emakumezkoen Euskal Ligako taldeak ere ezin izan irabazi. Atzo arratsaldean jokatutako partiduan 1-1 berdindu zuen Hernanik Leioako Emakumeak taldearen kontra; Cesiak sartu zuen Hernaniren gol bakarra. 

Sailkapenean ondo kokatuta jarraitzen du Hernanik, eta, horrela jarraitzen badu, estuasun haundirik gabe amaituko du denboraldia. Neskek ere asteburu honetan hasiko dute ligako bigarren itzulia, Alavesen aurka, Zubipen. Egutegiari erreparatuz, partidu gogor ugari jokatu beharko dituzte jarraian; Alavesen bisitaz gain, Elorrioren eta Realaren aurka jokatu beharko baitute datozen jardunaldietan. 

Berdinketa Mundarrok, gol ugariko partiduan

Getarian jokatu zuen 15. jardunaldiko partidua. Markagailua kontrolatu ezinik aritu ziren bi taldeak, eta 3-3 amaitu zen norgehiagoka. Gauzak horrela, garaipena lortu ezinik jarraitzen dute astigartarrek; azaroaren 5ean irabazi zuten azken aldiz, Axularren kontra. 

Une honetan hamabigarren postuan dago Mundarro, eta Touringen aurka jokatuko du asteburuan, Fanderian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!