Iker Salaberria indartsu bueltatu da lesiotik garaipen haundia lortuta

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 16a, 00:00

Arbizurekin batera 9-22 garaitu zituzten Egiguren V.a eta Eskuza liderrak Binakako Promozio Txapelketako ligaxkan.

Iker Salaberria indartsu bueltatu da Binakako Promozio Txapelketara lesioa gainditu eta gero. Goizuetarrak eta Arbizuk 22-9 garaitu zituzten Egiguren V.a eta Eskuza. Liderrak erraz gainditu zituzten eta sailkatzeko bidean ezinbesteko garaipena eskuratu zuten salaberriak eta Arbizuk. Hori izan zen asteburuko aurpegi ona. Aurpegi ez hain ona Expositok eta Gaskuek jasandako porrota izan zen. 16-22 galdu zuten De la Fuente eta Bikuñaren aurka eta sailkatzeko lanak izango dituzte. 

 

Lau bikote finalista, Trinkete Txapelketan

C.D. Hernaniko eta Mundarroko pelotariek emaitza onak lortu zituzten, orokorrean, asteburuan txapelketa ezberdinetan. Gipuzkoako Trinkete Txapelketako finalerdiak jokatu ziren ostiralean eta asteburuan, Irurako trinketean, eta Xabier Barandiaran-Oier Gurutzealde (Mundarro), Beñat Olazabal-Martin Alberdi (Hernani) eta Unax Manterola-Eneko Sorondo (Hernani) bikoteak finalera sailkatu dira, maila ezberdinetan. 

Seniorrretan, maila nagusian, Mundarro eta Hernani taldeen arteko finalerdia jokatu zen Iruran. Bertan, Barandiranek eta Gurutzealdek 40-21 garaitu zituzten Jon Jara eta Iñigo Labaka. Astigarragako bikotea faboritoa zen partidu honetan eta aurreikuspenak bete zituzten. Finalean ere faborito izango dira.

Bigarren mailan, Unax Manterolak eta Eneko Sorondok 40-23 irabazi zieten Zabalari eta Mujikari (Zazpi Iturri). C.D. Hernaniko bikotea zen faborito eta pronostikoak bete zituzten.

Jubeniletan, Hernaniko bi bikoteren arteko finalerdia jokatu zen eta ezustekoa izan zen. Beñat Olazabalek eta Martin Alberdik 40-25 irabazi zieten Aimar Zabala eta Markel Urdangarin faboritoei.

Datorren astean probintziako torneoaren finalak jokatuko dira lau kategorietan eta bailarako lau bikote izango dira protagonista: kadeteetan Ekhi Oses eta Manex Alberdi; jubeniletan Beñat Olazabal eta Martin Alberdi; senior bigarren mailan Unax Manterola eta Eneko Sorondo; eta senior nagusietan Xabier Barandiaran eta Oier Gurutzealde.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!