'Bertsopentsiotan' lehiaketan parte hartzeko aukera, astelehenera arte

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 10a, 00:00
Pentsioen gaian sakontzea da antolatzaileen helburuetako bat.

'Ari garela, ari garela, astelehenero kalean' gaiari erantzun behar diote aurkeztutako bertso sortek.

'Bertsopentsiotan' I. bertso jarrien lehiaketa antolatu du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak. Ekimen honekin «euskal kulturari ekarpen xumea» egitea da pentsiodunen helburua: «Kultur ekimen berri hau ere pentsioen gaian sakontzeko baliatu nahi dugu; bertsogintza, pentsamendu eta ideia berriak gizarteratzeko baliabide gisa».

Helburu hori betetzeko, ondorengo gaiari erantzun beharko diote parte hartzaileek: Ari garela, ari garela, astelehenero kalean. Alegia, Pentsiodunen Mugimenduak astelehenero egiten dituen kontzentrazioak eta mobilizazioak izango dira bertso sortak osatzeko gaia. Sorta bakoitzak gutxienez 3 eta gehienez 6 bertso izan beharko ditu; neurria librea izango da, baina erabilitako doinua zehaztu beharko da.

Sortak bidaltzeko epea astelehenean amaituko da

Azaroan zabaldu zuten bertso sortak bidaltzeko epea, eta astelehenean itxiko dute, urtarrilaren 15ean. Azken egun hauetan parte hartu nahi dutenek bi modu izango dituzte lanak antolatzaileei helarazteko; posta arruntez bidalita (20 postua-kutxa, Iurreta 48215), edo bertsopentsiotan@gmail.com helbide elektronikora.

Postaz bidaltzen dutenek bertso sorta izenburu batekin eta ezizenez sinatuta gutunazal haundi batean bidali beharko dute, eta gutunazal txikiago batean bidali beharko dituzte izen abizenak, herria eta kontaktua. Korreo elektronikoz bidaltzen dutenek, berriz, bi mezu bidali beharko dituzte, bata bertso sortarekin eta bestea kontakturako datuekin.

Antolatzaileek «herri honetako zein diasporako pentsiodun eta 60 urte bete dituzten guztiei» luzatu diete parte hartzeko gonbidapena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!