Hiru ikastaro labur antolatu ditu Zilegi Eskolak urtarrilerako, Hernanin eta Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 10a, 00:00

Artxiboko irudia.

Ohiko saioez gain, noka ikastaroa, etxeko ordena lantzeko saioak eta sormen tailerra antolatu dituzte.

Hernanialdeko Zilegi Eskolak antolatuta, hiru ikastaro egiteko aukera izango da urtarrilean zehar, Hernanin eta Astigarragan. 

Hilaren 15ean, datorren astelehenean, Sormen tailerra eskainiko du Uxue Bereizartua 'Berexiart' sortzaile hernaniarrak. Goizeko 09:30etan hasiko da saioa, eta «nork bere sorkuntzari bidea» emateaz gain, «pinturarekin esperimentatzeko aukera ere izango da». 

Urtarrilaren 19an eta 26an, berriz, Noka ikastaroa eskainiko du Gatx Eizagirre filologoak, Erribera kulturgunean. Bi saioak arratsaldeko 18:00etan izango dira, eta hizkerari buruzko zenbait gako emango ditu bertan. 

Azkenik, Hernanin eta Astigarragan eskainiko du 'Etxea: antolaketa eta ordena' saioa Maitane Ormazabal Larzabal antolatzaile profesionalak. Bertan, etxeko espazioei probetxua ateratzeko aholkuak eta etxea ordenatuta izateko trikimailuak azalduko ditu. 

Astigarragako Kultur Etxe zaharrean urtarrilaren 23an (18:00) eta urtarrilaren 25ean (09:30) arituko da; Biterin, aldiz, urtarrilaren 16an (18:00) eta urtarrilaren 22an (09:30). 

Edonork eman dezake izena

Zilegi Eskolatik jakinarazi dute herritar guztiek parte hartu dezaketela prestatutako saioetan: «Interesa duen edonork izena emateko modukoak dira eta elkarrekin euskeraz aritzeko saio dinamikoak izango dira», nabarmendu dute. 

Horretarako, zilegieskola@aek.eus helbidera idatzi edo 663 04 33 14 telefonora deitu behar da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!