Hernaniko jubenil nazionalak ezin izan zuen punturik lortu Basaurin

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 9a, 00:00

Puntuak pilatzea kostatzen ari zaie jubenilei.

2-0 galdu zuen Hernanik Indartsuren etxean. Bolada kaxkarrean dago taldea. 

Burua altxa ezinik dabil Hernaniko jubenil nazional mailako taldea. Larunbat eguerdian jokatu zuten 16. jardunaldiko partidua, eta 2-0 galdu zuten Indartsu taldearen aurka. 

Hernaniarrak bolada txarrean murgilduta daude, eta asko kostatzen ari zaie puntuak pilatzea. Zehazki, urriaren 8ko asteburuan lortu zuten azken garaipena; hortaz, 11 jardunaldi daramatzate garaipenik eskuratu gabe. Sailkapeneko azken postuan dago Hernani, baina estu daude kontuak azpialdean eta asko aldatu daiteke egoera pare bat garaipen kateatuta. 

Indarberrituta hasiko dute urtea talde nagusiek

Gabonetako atsedenaldiaren ondoren, urteko helburuak betetzeko gogoz hasiko dute urtea bailarako futbol talde nagusiek. 

Zubipen hasiko dute 2024a Ohorezko Erregional mailako mutilek. Real Unionen aurka jokatuko dute partidua, eta garrantzitsua izango da garaipena eskuratzea postuak igotzen jarraitzeko. Neguko atsedenaldira bolada bikainean iritsi zen Hernani, zazpi partidu daramatza porrotik jaso gabe, eta bide horretatik jarraitu nahi du. Seigarren postuan dago orain taldea, eta 4 puntu exkax ateratzen dizkio Aretxabaleta liderrak. 

Euskal Ligako neskek ere etxean jokatuko dute asteburu honetan, Leioako Emakumeak taldearen aurka. Lehenengo itzulia borobiltzeko aukera izango dute hernaniarrek sailkapeneko azpialdean dagoen talde baten kontra. Liga bikaina osatzen ari dira berdeak, eta seigarren postuan egonkortu dira. 

Mundarro izango da etxetik kanpo jokatuko duen bailarako talde bakarra. Moreak Getarian arituko dira asteburuan, aspaldiko partez garaipena eskuratzeko asmoz. Beheko postuetatik urruntzea da helburua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!