Lizeaga anaiek jantzi zuten Altzako Gabonetako Torneoko txapela

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 9a, 00:00

Lizeagatarrak txapelarekin (goian eskubian), eta Apaolaza (behean eskubian).

Oso berdindua izan zen finala, eta 22-16 irabaztea lortu zuten Apaolaza-Urruzola bikotearen aurka. 

Bailarako pelotarien arteko finala jokatu zuten Altzako Torneoan, eta Lizeaga anaiek eskuratu zuten txapela. Eñaut eta Ekain Lizeagak (Mundarro) 22-16 irabazi zuten Xabier Apaolaza hernaniarraren (Hernani) eta Urruzolaren (Behar Zana) kontra. Partiduak bi zati izan zituen; lehenengoan Apaolazak eta Urruzolak eraman zuten jokoaren erritmoa, eta aurretik iritsi ziren norgehiagokaren erdialdera. Bigarren zatian, berriz, atzealdea kargatzeko hautua egin zuten astigartarrek, eta aldaketa taktikoak partidua iraultzeko balio izan zien. 

Txapelketa pribatuekin jarraituta, 0 KM Baserria Torneoko finalean aritu ziren Imanol Ormazabal eta Lier Zugasti hernaniarrak. Txapela eskura izan zuten arren, Lapke taldeko Landak eta Alberdik irabazi zuten txapelketa; 18-17. 

CDHko lau bikote eskuz binakako azken fasera

Amaitu da dagoeneko eskuz binakako modalitateko sailkapen fasea, eta CD Hernaniko zenbait bikotek eskuratu dute azken fasea jokatzeko txartela. 

Kadeteetan, jokatutako partidu guztiak irabazita, zuzenean finalera sailkatu dira Ekhi Oses eta Manex Alberdi hernaniarrak; jubeniletan Aimar Zabala-Markel Urdangarin eta Beñat Olazabal-Martin Alberdi bikoteak sailkatu dira finalerdietara; lehenengo mailako seniorretan ere finalerdiak jokatuko dituzte Jon Jarak eta Iñigo Labakak; eta, azkenik, bigarren mailako seniorretan Unax Manterola-Eneko Sorondo bikotea sailkatu da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!