Gazteek 300 euroko laguntza izango dute emantzipazioa arintzeko otsailaren 20tik aurrera

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 8a, 00:00

Zuzeneko laguntza izango da, 25 eta 29 urte bitarteko gazteentzat eta 24 hilabetez jarraian kobratu ahal izango da.

Gazteen emantzipazioan laguntzeko dekretua onartu zuen abenduaren 26an Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak, eta, beraz, 2024ko lehen hiruhilekoan martxan izango da Emantzipa programaren diru laguntza. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan emantzipatzen ari diren 25 eta 29 urte bitarteko gazteei hilean 300 euro emango dizkiete, gehienez bi urtez. Otsailaren 20tik aurrera egin ahalko dira eskaerak. Jaurlaritzak aurreikusi du lehen urtean 15.000 gaztek baino gehiagok eskatuko dutela laguntza hori, eta 53 milioi euro bideratuko ditu.

Betebeharreko baldintzak

Etxebizitza bakoitzean gehienez hiru lagunek eskatu ahalko dute emantzipaziorako laguntza. Urteroko errenta 3.000 eta 28.000 euro artekoa izan beharko da. Alokairu kontratua edota etxebizitza baten erosketa kontratua akreditatu beharko da. EAEko edozein udalerritan erroldatuta egotea ezinbestekoa da, eskaera egin aurretik urtebete gutxienez, edo azken hamar urteetan Euskadin hiru urtez jarraian erroldatuta egon izana egiaztatzea.

Bateragarria izango da beste laguntza batzuekin

Emantzipa Programa bateragarria izango da Gaztelagun programarekin, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarekin, Bizitzeko gutxieneko diru-sarrerarekin, etxebizitza gastuetarako prestazio osagarriarekin edota gizarte-larrialdietarako laguntzekin, besteak beste. Ezin izango dute laguntza jaso alokairuko babes publikoko etxebizitza bat edo jabetzako babes publikoko etxebizitza bat dutenek.

Emantzipazioaren batez bestekoa 28 urtera arte jaitsi nahi du Eusko Jaurlaritzak 2030. urterako. Egun, 29,7 urtean dago batez besteko hori, Europan baino hiru urte beranduago. Gazte gehienak 30 urte bete ondoren emantzipatzen dira; zehazki, 30 eta 34 urte bitartean ( % 71,5).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!