Prestatu ditu ekaineko ekitaldiak Euskal Pirinioak Askatasun Bideak-ek

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 7a, 00:00

Ekainaren 8an eta 9an mendi martxa Azkaine eta Saratik, Oiartzunera izango da eta Josefa Sansberro Etxeberria oroituko da.

2024ko ekainaren 8an eta 9an Euskal Pirinioak Askatasun Bideak elkarteak oroimenezko ibilbide atsegina antolatuko du beste behin. Aurtengo mendi martxa Piriniotan barrena, Azkaine eta Saratik, Oiartzunera izango da. Saran bizi zen Maria Josefa Sansberro Etxeberria (Maddi) oiartzuarrari omenaldia egingo zaio eta noski, berak antolatu eta kudeatutako ihesbideari. Ekitaldian herrialde ezberdinetako jendeak osatutako nazioarteko talde batek parte hartzea espero da.

Ekainaren 8an, larunbatean, 09:00ak aldera omenaldia izango da Azkaingo iheslarien oroitarriaren aurrean. 12:30etan eta mendi martxaren ondoren, Larrungo mugara iritsiko dira bertan geldialdi txikia egiteko. 14:30ak aldera omenaldia Beran antolatuko da. Bertan gaua egin eta gero, ekainaren 9an igandean, omenaldia Endarlatsan izango da, Bidasoa ibaiaren ondoan. Oiartzunera 14:30ak aldera iristea espero da eta bertan azken omenaldia antolatuko da.

2015ean hasita urtero, Euskal Pirinioak Askatasun Bideak kultur elkartearen ekimenez, Memoria Historikoa berreskuratzen eta gogoratzen dute. Horretarako, jarraitu eta gogora ekartzen dituzte Bigarren Mundu Gerran zehar naziek okupatutako Iparraldetik ihes egin zutenek, muga zeharkatuz Hegoaldera egindako ihesbideak.

«Oroitzen ditugu, naziek okupatutako Ipar Euskal Herritik Hegoalderako ihesbideak, haien iheslariak, mugalariak eta laguntzaileak omentzen ditugu», nabarmentzen du Joseph Linehanek, EPABeko kideak.

 

Ekainaren 7an, 19:00etan Loidin izango da omenaldia

Hernanin urtero egiten da omenaldia Loidin (Osiñagan) eta aurten ekainaren 7an izango da. Arratsaldeko 19:00etan mugalarien oroitarriaren aurrean bilduko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!