Bailarako txirrindulariak indartsu, Pista Sarian

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 6a, 00:00

Jardunaldi bakarra falta dute Gipuzkoako Pista Saria bukatzeko, eta maila ederrean aritu dira orain arte.

Zortzi jardunaldi jokatu dituzte, dagoeneko, Gipuzkoako Pista Sarian; eta maila ederrean aritu dira Urumea bailarako txirrindu­lariak orain arte, Donostiako belodromoan. Aimar Capdequi astigartarra da sailkapen nagusian ondoen kokatuta dagoena, laugarren mutil juniorretan. Eliminazio probetan moldatu da bereziki ondo Capdequi, eta puntu asko pilatu ditu horietan: bi aldiz izan da hirugarren, beste behin bosgarren, eta baita seigarren ere. Unai Hernandez hernaniarra ere ari da lehiatzen juniorretan, eta 28garrena da sailkapenean.

Nesketan, aurreneko postu­e­tan izan da Naya Mangas hernaniarra ere: hirugarren zegoen sailkapenean, aurreneko sei jar­dunaldiak jokatuta; baina azkeneko bietan ez du lehiatzerik izan, eta bederatzigarrenera jaitsi da. Proba gehienetan izan da onenen artean Mangas.

Eta mutil kadeteetan, 10garren postuan dago Danel Txapartegi astigartarra, maila polita erakutsita. Scratch proban aritu da ondoen, bi jardunalditan bigarren sailkatuta; eta puntuazioan ere ederki aritu da, bosgarren zein seigarren postuak lortuta. 

Nagusiagoek, erakustaldia

Pista Saria lehiatu ez arren, bere agerralditxoa egin dute profesio­nal zein afizionatu mailako beste lau astigartarrek ere, zortzi­garren jardunaldian parte hartuta, juniorrekin batera. Eta erakustaldia eman dute: scratch proban, Jaime Romerok, Xabier Mikel Azparrenek eta Tasio Semperenak osatu zuten podiuma; eliminazioan, Tasio Semperena, Telmo Semperena eta Xabier Mikel Azparren izan ziren onenak; eta puntuazioan, Romero eta Azparren aurreneko bi postuetan, eta Semperena anaiak laugarren eta bosgarren. Seigarren jardunaldian ere aritu zen Romero: tempoa irabazi, eta bigarren izan zen puntuazioan eta scratchean.

Asteburu honetan atseden hartuta, urtarrilaren 12an jokatuko dute Pista Sariaren azkeneko jardunaldia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!