Liga Nazionaleko mutil jubenilek urteko estreinako partidua, gaur

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 6a, 00:00

Indartsu taldea izango dute aurrez aurre gaur, Liga Nazionaleko mutil jubenilek.

Erregionalen lehenengo mailako taldeek, jubenilek eta kadeteek ere jokatuko dute asteburuan. Hiru talde nagusiak hurrengoan itzuliko dira lehiara.

Urte berriari hasiera emango diote bailarako zenbait futbol taldek, asteburu honetan. Zortzi talde izango dira jokatuko dutenak. Hiru talde nagusiek, ordea, ez dute jardunaldirik izango asteburu­an, urtarrilaren 13an bueltatuko baitira lehiara.

Mutil jubenilen Liga Nazionalean, CD Hernanik gaur jokatuko du urteko estreinako partidua,  Indartsu taldearen aurka. Etxetik kanpo ariko dira, goizeko 11:00etan hasita, Basauriko San Miguel zelaian. Lehia bizia izango da, jaitsiera postuak saihesteko borrokan: Hernani 16garren dago, 13 punturekin, eta bi postu beherago azkeneko sailkatua da Indartsu, 12rekin.

Mutil erregionalen lehenengo mailan, bestalde, Hernanik Indarbiziren aurka jokatuko du gaur, 12:00etan hasita Pasaian; eta Mundarrok, aldiz, arratsaldeko 17:15etan dauka hitzordua Berion, Antigua Luberriren aurka. Denboraldi polita ari dira osatzen, maila horretako bailarako bi taldeak: aurreneko postuan dago Hernani, eta hirugarrenean Mundarro.

Mutil jubenilen lehenengo mailakoek ere jokatuko dute asteburuan: gaur ariko da Hernani, Antigua Luberriren aurka, arratsaldeko 19:10etan Berion; eta bihar, Mundarrok Arrupe Chaminade taldea hartuko du Zarkumendegin, 12:00etan. 

Eta azkenik, kadete maila­ko taldeen partiduak izango dira. Mutilen ohorezko mailan, etxean ariko dira Mundarro eta Hernani bihar, 10:00etan eta 16:00etan, hurrenez hurren. Eta nesken lehenengo mailan, Cesar Beniton jokatuko du Hernanik bihar, eguerdiko 12:30etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!