Apaolazak eta Urruzolak Lizeaga anaiak izango dituzte aurkari bihar, Gabonetako Torneoaren finalean

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 6a, 00:00

Altzako frontoian jokatuko dute Gabonetako Torneoaren finala, Xabier Apaolaza hernaniarrak eta Urruzolak, Eñaut eta Ekain Lizeaga astigartarren aurka. Profesional mailan, berriz, gaurkoan ere ez da izango bailarakoen arteko lehiarik, min hartuta baitago Iker Salaberria; Hodei Expositok soilik jokatuko du Eibarren.

Urteari hasiera emateko, Urumea bailarako esku pelotariak protagonista izango dira gaur eta bihar artean, txapelketa ezberdinetan. Bihar, Gabonetako Torneoko finala jokatuko dute bailarako hiru pelotarik, Altzan: Xabier Apaolaza hernaniarrak Behar Zanako Urruzolarekin jokatuko du, Eñaut eta Ekain Lizeaga astigartarren aurka. Eguerdiko 12:00etan hasiko da finala, eta orain arteko partiduak eta emaitzak kontutan hartuta, partidu parekatua espero da. 

Infantil mailan, berriz, Imanol Ormazabal astigartarrak eta Lier Zugasti hernaniarrak Baserri Km0 Torneoko finala jokatuko dute bihar bertan, Landa eta Alberdi lazkaotarren aurka. Goizeko 11:00etan hasiko da norgehiagoka, Sopelako frontoian.

Txapelketa ofizialei dagoki­enean, trinketean jokatuko dituzte asteburuko partidu guztiak, Iruran. Amets Makatzaga kadete hernaniarrak eta Galardik, Behar Zanaren aurka jokatuko dute gaur goizeko 10:30etan, Iruran. Eta arratsaldeko 15:00etan hasita, nagusien bi partidu izango dira. Aurrena, Jon Jara eta Iñigo Labaka hernaniarrek Azkoitiaren kontra jokatuko dute. Eta ondoren, Xabier Barandiaran eta Oier Gurutzealde astigartarrak ariko dira, Epleko bikotearen kontra. Jubenil hernaniarrek, berriz, bihar jokatuko dute Iruran, 10:30etan hasita. Aurrena Unax Pascual ariko da, Lizarazurekin batera, Behar Zanaren kontra; eta ondoren, Olazabalek eta Alberdik jokatuko dute, Behar Zanako bikote baten kontra haiek ere. 

 

Gabonetako Torneoko 
finalerdiak eta finalak, bihar

Era berean, Gabonak amaitzeko, bihar goizez eta arratsaldez, Gabonetako Torneoko azken fasea jokatuko da. Hernaniko pelota eskolako 37 haurrek hartuko dute parte, eta bihar finalerdiak eta finalak jokatuko dituzte. Goizeko 11:00etan hasiko dira finalerdiak jokatzen,  bigarren mailako benjaminak; aurrena Peru Arruartek Ander Luarizaierdiren aurka jokatuko du, eta segidan, Jon Lopezek eta Eki Oiagak jokatuko dute aurrez aurre. Jarraian, lehenengo mailako benjaminek hartuko dute batuta; Harriet Mendizabalek Beñat Mitxelenaren aurka lehiatuko du, eta segidan izango dira aurrez aurre Eñaut Mendiablde eta Jon Inda.

Bigarren mailako alebinen txanda izango da gero; aurrena jokatuko du Aratz Letek Aiheko Lizartzaren aurka; eta partidua amaitu ostean, Xabat Santa Kruzek Eñaut Argiñaren aurka neurtu beharko ditu indarrak. Azkenik, lehenengo mailako alebinak jokatuko dute, aurrena Inhar Arregi eta Xuban Mirandaren arteko norgehiagoka izango da, eta segidan, Oihan Makatzagak Aimar Nietoren aurka jokatuko du. 

Finalerdiak amaituta, arratsaldeko 16:00etan jokatuko dituzte Gabonetako Torneoko finalak. Eta amaitzeko, partehartzaile guztientzako pintxo-potea banatzeaz gain,  txapelak eta kopak emango zaizkie irabazleei.

 

Hodei Exposito astigartarra gaur, Eibarren

Profesional mailan, bestalde, gaur ziren jokatzekoak, elkarren kontra, Hodei Exposito astigartarra eta Iker Salaberria goizuetarra, Promozio Txapelketan. Baina oraingoan ere ez da topaketa gertatuko, min hartuta baitago goizuetarra oraindik. Aurreneko itzuliko partiduan, Exposito izan zen baja.

Hortaz, astigartarrak soilik jokatuko du gaur, Gaskuerekin batera, 17:00etan Eibarko Astelena frontoian. Zabala ariko da Salaberriaren ordez, Arbizurekin bikotea osatuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!