«Lagundu dugun pertsona horren 'eskerrik asko' soilak, izugarri betetzen gaitu»

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 6a, 00:00
Xabier Aiestaran eta Irene Tapia, DYAren Urumeako egoitzan.

Irene Tapia, DYAko lehendakaria, eta Xabier Aiestaran hernaniarra, boluntarioak dira Urumeako laugarren basean. Inguruko askok ez dute ulertzen musu-truk «hainbeste» orduz lan egitea, baina haiek argi dute DYAk eskaini diezazkizukela diruak ematen ez dizkizun gauza asko: «esperientzia, jendearen esker ona eta enpatia».

Noiz eta nola erabaki zenuten DYAn boluntario hastea? Zergatik?

Irene Tapia: Ni duela 15 urte hasi nintzen, banekien zeozer nahi nuela egin, baina ez nekien zer. Donostian askotan ikusten nituen DYAko anbulantziak, eta ez dakit zergatik, baina hara joatea erabaki nuen. Horrela hasi nintzen.

Xabier Aiestaran: Niri beti gustatu izan zait jendea laguntzea, txikitatik. Ez nekien zer egin nahi nuen luzaroan, eta hainbat pertsonarekin hitz egin eta gero esan zidaten: «Zergatik ez duzu DYAn probatzen, jendea lagundu dezakezu eta enpatia hori irabazi». Eta esan nuen, zergatik ez? Orain hementxe nago, urte bat eta hiru hilabete daramatzat DYAn eta oso gustura, egia esan.

 

Zein zerbitzu eskaintzen ditu DYAk eta zein arlotan zaudete zuek lanean? 

I.T: Arlo dezente dauzkagu: erreskateak, zaintza prebentiboa, gizarte ongizatea, formazioak... DYA ahal den tokietan laguntzeko dago. Erreskateetan, uholdeak sartzen dira, esaterako. Zaintza prebentiboan herriko festak, mendi lasterketak, kirol probak... Gizarte ongizatean, etxera bakarrik igo ezin duen jendea lagundu dezakegu, edo norbait erortzen bada etxean eta zuk bakarrik ezin baduzu altxatu, gu deitu gaitzakezu eta altxatuko dugu. Begiratuko dugu zergatik erori den; ez baita berdina irristatu eta erortzea, mareatzea edo zeozerk eman izana. Zeozer gehiago dagoela iruditzen bazaigu, gure lankideei deituko diegu, osasun-langileei, eta bestela guk egiten dugu. Eta, formazioaren arloa ere badaukagu, barne eta kanpo formazioak. Kanpo formazioetan joaten gara eskoletara, goi mailako zikloetara eta enpresetara.  Haurrei BBBa (Bihotz-biriketako bizkortzea) egiten irakasten diegu abesti batekin, hartz panpin bat hartuta. Guretzat oso inportantea da txikiek 112ra deitzen ikastea.

X.A: DYAk bertako boluntarioei monitore kurtso bat eskaintzen die eta monitore kurtso hori atera ondoren barne eta kanpo formazioak eman ditzakezu.

I.T: Aurrekoez gain, udan 'Gazte DYA' ere daukagu, 14-16 urteko gazteentzat da. Astebete pasatzen dute gurekin eta eskaintzen ditugun arlo guztiak irakasten dizkiegu. Ikusten dute zer egiten den DYAn eta azkenean hortik boluntario gehiago ateratzen dira. Etxean lo egiten dute eta gurekin etortzen dira egunero. Soken jaitsierak nola egiten ditugun ikusten dute, edo mendira joaten gara erreskateak azaltzeko.

Irene Tapia: «Haurrei BBBa (Bihotz-biriketako bizkortzea) egiten irakasten diegu abesti baten bitartez, hartz panpin batekin. Guretzat oso inportantea da txikiek 112ra deitzen ikastea».

 
Zein formakuntza behar du DYAn lan egin nahi duenak?

I.T: Sartzeko ezer ez. Guk erakusten diogu ahal den guztia. Baina anbulantzietan aritzeko titulazioa behar duzu,  OLT (Osasun Larrialdi Teknikari) titulua.  Bestela, Erizaintza edo Medikuntza ikasketak. Azkenean guztiek lagundu dezakegu. Agian galdu da pertsona bat mendian, eta zuk ez dakizu GPSa maneiatzen, baina bokadilloak eta ura eraman ditzakezu, karpa bat jarri... Denok elkarri laguntzen diogu. 

X.A: Irenek aipatu moduan, bi ibilgailurekin ibiltzen gara. Anbulantziekin eta Gizarte Zerbitzuetako ibilgailuekin, ALFA deitzen direnak. ALFAk gidatzeko bi titulu lortu behar dituzu: OLTa, dela larrialdietako tenikariarena, eta horrekin anbulantziak gidatu ditzakezu edo atzean lan egin; eta gero beste titulua, Garraio Sanitarioen Gidariarena, dela larrialdietarako ere bai, baina soilik anbulantziak gidatu ditzakezu.

Irene Tapia DYAko anbulantzia baten barruan.
 

Askok diote gazteek ez dutela boluntariotza kontzientziarik. Zer iritzi duzue horren inguruan?

I.T: Pandemia eta gero guztiak 'nagiturik' gelditu gara, erritmoa galdu dugu, nolabait esatearren, bai gazteek eta baita helduek ere. Baina gazte asko daude. Erizaintza ikasten duten batzuek hemen egiten dituzte praktikak. 

X.A: Ez dakit gaur egungo bizimoduari dagokion, baina uste dut gazteen artean falta dela iniziatiba  hori kobratu gabe lan egiteko. Nik, adibidez, lagunen artean asko entzuten dut hori: «Nola sartu ditzakezu hainbeste ordu DYAn eta ez ezer irabazi? Horrekin ezin duzu bizi». Nik DYAn ez dut dirurik irabazten, baina esperientzia irabazten dut, eta gaur egungo gazteak proba hori egitera bultzatuko nituzke, DYAk ematen dituen zerbitzuak oso politak baitira, eta asko betetzen zaituzte.

I.T: Nik ezberdintasun bat ikusten dut. Xabi gaztea da eta ni taldeko zaharrenetako bat. Gu hasi ginenean sartu ginen laguntzeko, laguntzeko denean. Gaur egun nik ikusten dut gazteen artean 'nahieran' hautatu nahi dutela zertan lagundu. 

X.A: Niri lehenengo momentutik esan zidaten: «Hasi pixkanaka arlo guztiak probatzen, gustatuko zaizu bat bestea baino gehiago, eta sartu hor burua». Momentu honetan denetik egiten dut: erreskatean nabil, anbulantzietan, gizarte zerbitzuetan... Eta horretara bultzatuko nuke jendea, ez soilik arlo batean lan egitera.

 

Zenbat boluntario zaudete gaur egun?

I.T: Gipuzkoa osoan 112 emakume eta 131 gizon. Hemen, 4. basean, Urumean, 12 emakume eta bederatzi gizon. 

Xabier Aiestaran: «Ez dakit gaur egungo bizimoduari dagokion, baina uste dut gazteen artean falta dela inizatiba hori, kobratu gabe lan egiteko».

 

Zer ematen dizue zuei boluntario aritzeak?

I.T: Laguntza ematea pozgarria da. Momentu horretan pertsona horrek zure beharra du, eta eskaini diezaiokezun begirada hori, pertsona hori ukitzea... oso garrantzitsua da niretzat. Azkenean denok behar dugu laguntza. Ez dugu galdu behar enpatia hori.

X.A: Zerbitzua egitetik gehien betetze nauena da jendeak eskerrak ematea soilik zure lana egiteagatik. Pertsona batengana joatea, lurrean dagoena eta altxatu ezin duena.. haren eskerrik asko soil horrek asko betetzen nau. Argi dago zuk ez duzula dirua irabazten hemen DYAn, baina enpatia asko irabazten duzu. 

I.T: Norbait galtzen bada mendian, batzuk egon behar dira bilatzen eta beste batzuk familiarekin, han egoten baitira pertsona hori azaltzen den edo ez. Ordu horiek, familiarekin zaudenak, pixka bat hitz egiten, konpainia egiten… niretzat oso inportanteak dira.

Irene Tapia DYAko anbulantziaren parean, Hernanin.

 
Zein da DYAn bizi duzuen momenturik kuttunena?

I.T: Emakume batek bost urte zeramatzan etxetik irten gabe. Ezin zuen irten, hirugarren pisuan bizi zelako eta ez zuelako inork jaisten, ezin zuten edo beno… Donostiarra zen eta Konstituzio Plazara jaitsi ginen lehen aldian beldur haundia sentitu zuen, ohitura galdu baitzuen. Guk hura jaisten jarraitu genuen, eta oso polita izan zen. Edo beste behin mendian, emakume batekin egon nintzen gau guztian bere gizona azaldu arte. Oso oso polita izan zen. 

Gero daukagu beste programa bat: Nahia. Sortu zen azken desiren moduan. Ez duzu zertan egon 'muturreko fasean'. Zure familiak ezin bazaitu lagundu eta desira bat baduzu, lagundu egin zaitzakegu. Gurpildun aulkian zegoen aitona batek, esaterako, bere baserria ikusi nahi zuen, jaio zen tokia, baina ezin zuen, eta guk eraman genuen. Beste neska batek, osasun arazo oso larri bat izan zuen, eta deitu gintuen alabarekin azken bainu bat nahi zuelako; eta eraman genuen hondartzara eta uretara sartu genuen alabarekin batera, anbulantzia medikalizatuarekin. Edo beste adibide  bat. Emakume itsu batek zezenketa bat ikusi nahi zuen. Erresidentzi batean zegoen eta Azpeitira eraman genuen. Alabak zezenketa erretransmititu zion. Oso polita izan zen. Programa ez da errekaduak egiten laguntzeko soilik, aisialdia sartzen da hemen. Arratsalde batean zinera joan nahi baduzu eta ez badaukazu familiarik edo ez bazaituzte eramaten. Guk posible dugu pertsona hori zinera eraman, niretzat oso pozgarria da. 

Eta nola antolatzen zarete? Norbaitek deitzen du eta abisua pasatzen dizue: deitu du emakume honek…

I.T: Baldin badago boluntarioren bat guk egiten dugu, baina bestela daude langileak. Ezin dugu utzi inor bazterrean. Gehiena boluntarioekin egiten dugu. Baina badira gauzak ezin ditugunak egin, ezin dugu aste osoan prest egon. Xabier ikasten ari da eta ni lanean. Orduan, beste era batera moldatu behar gara. Pandemian ikasi genuen lehen egiten genituenak baino gauza gehiago egin genitzakeela. Deitu genuen 'farmazien eskolara' jendea beren etxetatik ez jaisteko.  Joaten ginen farmaziara bere errezetarekin eta behar zuen guztia eramaten genion etxera: medikamentuak, pardelak edo erosketak. Eta hor ibiltzen ginen: «Anttoni, nolako oilaskoa nahi duzu, horia? Txuria…». Oso oso polita izan zen.

X.A: Guk Telegram aplikazioaren bidez egiten dugu lan eta asteburua iritsi baino lehen esaten dute: «Asteburu honetan daude zerbitzu hau, hau eta hau» eta zuk zure prestasuna erakusten duzu eta horren arabera zerbitzua aurrera ateratzen da. Horrela egiten dugu lan. Eta erreskateekin berdin. Pertsona bat galtzen bada mendian, Ertzaintzak aktibatzen gaituen momentuan, bidaltzen dute Telegramera mezu bat eta esaten dute: «Libre bazaude momentu honetan,  zentralera deitu edo hemendik eman izena», eta posible baduzu hara joaten zara.

 

Gipuzkoa osoan 143 lagun dabiltza boluntario DYAn. Urumeako basean, hamabi emakume eta bederatzi gizon dira, tartean Xabier Aiestaran eta Irene Tapia.

 

Asko inpaktatu edo eragin dizuen egoerarik?

I.T: Denek daukate zeozer, baina jendea laguntze horrek ematen dizun pozak, txar guztia kentzen du. Ez duzu pentsatzen,«bua ez naiz itzuliko». Elkar laguntzen dugu; orduan egoera ez dugu ikusten: 'marroi' moduan. Denen artean ateratzen dugu guztia aurrera, eta ederra da.

 

Aurten 50 urte bete ditu DYA Gipuzkoak. Nola ospatu zenuten. Eta boluntarioen eguna zer moduz joan zen?

I.T: Oso ondo. Aurten 50. urteurrena ospatu dugu eta oso politak izan dira egin dizkiguten aitortza guztiak. Gabonetako kontzertua ere izan dugu, Diario Vascok antolatzen duena. Bertan bildutako dirua guri eskaini digute. Guretzat izugarria izan da. Eta boluntario egunean Bilbora joan ginen, Euskaldunara, han egon ginen eta oso polita izan zen.

 

Nondik jasotzen duzue boluntariotza lana aurrera ateratzeko dirua?

I.T: Gehienbat jendeak egindako ekarpenetatik biltzen dugu dirua. Pertsona bat lagundu dugu eta haren familiak dirua ematen digu, urtero 20 euro, adibidez. Enpresek eta administrazioak ere bai, baina gehiena jendeak. Dirua ematen digun jende 'fijoa' dugu, eta badakite beste pertsona batzuk laguntzeko erabiltzen dugula diru hori.

 

Nola egin daiteke dohaintza bat DYAra?

I.T: Aurrekontu bat dugu, onena da 464622 telefonora deitzea, eta han errango dizute nola egin. 

Irene Tapia: «Laguntza ematea pozgarria da. Momentu horretan pertsona horrek zure beharra du, eta eskaini diezaiokezun begirada hori, pertsona hori ukitzea... oso garrantzitsua da niretzat».


Nola ikusten duzue DYAren etorkizuna?

I.T: Nik uste goraka joan behar duela, denok behar dugulako laguntza. 

X.A: Nik beti esan dut. DYAren etorkizuna gaztetxoenen artean bultzatu behar da, gero eta gazte gehiago DYAn boluntario apuntatzea eta DYAk gora egitea. Hemen denbora pila bat daraman jende horrek, momentu batean utzi egingo du. 

I.T: Baina nik jende heldua ere animatuko nuke. Gidari lanak egin ditzakezu. Golf bat gidatzeko ez duzu OLT titulurik behar. Aurreko hilean, igande batean, etorri ginen Jauregi Erretegira. Zegoen emakume bat, Zorroagakoa, etorri zela bere familiarekin bazkaltzera eta hanka gaizki zeukan. Guk furgonetak prestatu genituen eta bere etxera joan ginen. Eraman genuen bazkaltzera, utzi genuen han, eta erran zigun 16:00etan bere bila joateko, eta etxera bueltan eraman genuen. Horrelako gauzak ere egiten ditugu, gaude jendeak disfrutatzeko, zuk hartu nahi duzu kafe bat zure lagunekin, ezta? Ezingo bazenu tristea izango litzateke hori ez egitea. Laguntza eskaintzen dugu, baina asialdirako ere bagaude. Finean, denok behar dugulako harremana gure lagunekin eta familiarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!