Errege Magoak iristear daude Urumea bailarara

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 4a, 00:00
Kale Nagusian gora igoko dira Erregeak.

Hernanin 18:00etan hasiko da Errege Kabalgata Urbieta kaletik eta Goizueta 18:30etan bisitatuko dute Errege Magoek.

Errege Kabalgatak ospatuko dira bihar Hernanin eta Goizuetan. Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoak bailarara iritsiko dira bihar, urtarrilaren 5ean, Ekialde Hurbil eta Urrunetik bidaia luzea egin ondoren opariz josita. Arratsaldeko 18:00etan izango dira Hernanin, umeak bisitatzen kabalgata dotorean eta 18:30etan, Goizuetan. 

Gorabeherak, gorabehera Berriak taldea saiatzen da urtero antolatzen Hernaniko Errege Kabalgata. Pasa den urtean berreskuratu zuen Hernanin, 2022an bertan behera geratu eta gero. Aurreko urtean bezala, aurten kale buelta dotorea egingo dute herrian zehar.

Ur­bieta kaletik abia­tuko da Erre­geen Kabalgata, Marielu­tsetik, Ka­robi el­kar­­­tearen ondo­tik, he­rrian ba­rre­na ibiltzeko, Musika Ban­daren eta txistu­la­rien lagun­tzaz. Nos­ki, pajeak ere alboan edu­ki­ko dituzte eta goxokiak bana­tu­ko dituzte ibilbide guztian zehar. 
Urbieta kalea igaro eta gero Izpizua kaletik igoko dira. Segi­dan, ezkerretara egingo du­te, Elka­notik Plazara sartzeko. Andre­kaletik Zinkoeneara jai­tsi, eta Kale Nagusitik buel­tatuko dira Plazara. 

Udaletxeko arkupe­e­tan, hau­rren gutunak jasoko dituzte, eta oparitxo bana ere emango diete hurbildutakoei. Oinetakoak ondo garbi­tuta edukitzea komeni da gaur gauerako Meltxor, Gaspar eta Baltasar etortzen direnerako eta jatekoa ere utzi mesedez.

 

Eguraldiaren arabera plazan edo pilotalekuan banatzen dira opariak Goizuetan

Arratsaldeko 18:30etan iritsiko dira Goizuetara, eta kale nagusietan zehar elkartuko dira herritarrekin. Guraso Elkarteak antolatu du topaketa eta Erregeen etorrera ekitaldian herritik kanpoko umeek opariak jaso nahi badituzte, Asinkon hartuko dira opariak 16:30etatik 17:30etara. Herriko pla­zara hurbilduko dira betiko ohitura jarraituz eta kale nagusiak zeharkatu eta gero, eguraldi ona bada behintzat plazara joko dute. Txarra eginez gero berriz, pilo­tale­kuan izanen dira denontzat opariak banatzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!