Martxan da 2024ko Euskarabentura espedizioan izena emateko aukera

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 3a, 00:00
Euskal Herriko txoko asko bisitzatzen dituzte. Argazkia: Euskarabentura.

2007 eta 2008 urteetan jaiotako gazteek martxoaren 8ra arteko epea dute Euskarabentura espedizioaren 2024ko ediziorako hautagaitzak bidaltzeko. 125 gaztek Euskal Herria zeharkatuko dute uztailaren 1etik 31ra.

Euskarabentura espedizioaren zazpigarren edizioak abenduaren 1ean ireki zuen epea 2024ko edizioan parte hartzeko hautagaitzak aurkezteko, eta martxoaren 8ra arte izango da zabalik. Izena eman daiteke Euskarabenturaren sare sozialetan, www.euskarabentura.eus webgunean edota izenematea@euskarabentura.eus helbide elektronikoan.

2007 eta 2008 urteetan jaiotako Euskal Herriko zein diasporako gazte euskaldun guztiek (15, 16 eta 17 urte) dute aukera, hautagaitza gisa, minutu bateko aurkezpen bideoa eta banakako proiektu bat bidaltzeko. Horrez gain, 2006 eta 2009 urteetan jaiotakoek ere aukera izango dute parte hartzeko, baina soilik Lapurdi, Behe-Nafarroa, Zuberoa eta diasporako gazteak badira.

Ondoren, 2024ko uztailaren 1etik 31ra Euskal Herria oinez eta euskeraz zeharkatuko duten 125 gazteak hautatuko dituzte Euskarabenturako antolatzaileek. Jasotako proiektuak Eusko Ikaskuntzak eta PuntuEus Fundazioak ebaluatuko dituzte, eta apirilaren 24an argitaratuko dute partehartzaileen behin-behineko zerrenda. Espedizioko taldeko kideak hautatzeko kontuan izango dira: alde batetik, proiektuaren balorazioa; eta bestetik, gazteen jatorria, generoa eta aurkezpen bideoan adierazitako motibazioa.

 

Hiru gai landu daitezke, aukeran, hautagaitzarako

Aurten, gazteek hiru gai dituzte aukeran hautagaitzarako banakako proiektua sortzeko. Lehena, euskera batua eta euskalkiak: Euskera batuak euskalkiak zapaltzen edota baztertzen dituela uste duzu? Edo alderantziz, euskalkiek prestigio gehiago dutela esango zenuke? Aukerako bigarren gaia, emakumea eta kirola: Egun, kirolaren esparruan parekotasunik ba al dago emakume eta gizonezkoen artean? Emakumeek mutilek adina kirol egiten dutela esango zenuke? Kasualitatea al da hori? Eta hirugarrena, utopia: Nola irudikatzen duzu etorkizuna? Mundu horretako zein elementu ditugu gaur egun eta zeintzuk aldatu dira?

Era berean, lanak aurkezteko sei formatu izango dira aukeran: lan literarioak, musikalak, historikoak, ikus-entzunezkoak, plastikoak eta sormen digitalekoak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!