Oier Arsuagak jantzi du, final historikoan, Gipuzkoako infantil mailako txapela

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 3a, 00:00
Imanol Ormazabal eta, txapelarekin, Oier Arsuaga.

C.D. Hernaniko Imanol Ormazabal taldekideari 2-1 gailendu zaio Gipuzkoako Eskuz Banakako Infantil Txapelketan. Eñaut Lizeagak 18-22 galdu du, Tolosako Iker Amianoren aurka, nagusietan.

Urte amaieran esku pelota protagonista izaten da, bai profesional mailan, baita afizionatuetan ere. Txapelketa ofizial eta pribatuetan partidu asko jokatu ziren aurreko asteburuan eta aipagarrienak afizionatuetan jokatutako Gipuzkoako eskuz banakako finalak izan ziren.

C.D. Hernanirentzat historikoa izan zen, lehendabiziko aldiz, bi taldekidek elkarren aurka finala jokatu zutelako, infantilen lehenengo mailan. Hernaniko frontoian Oier Arsuagak 2-1 gainditu zuen, pasa den ostiralean, Imanol Ormazabal taldekidea, eta Gipuzkoako txapela jantzi zuen. Taldeak denboraldian lortzen duen zazpigarren txapela da, eta lehenengoa txapelketa ofizialetan.

Partidua azken jokoan erabaki zen. Lehenengo jokoan Arsuaga jaun eta jabe izan zen, 8-0, nagusitasun osoz irabaziz. Ormazabal urduri hasi zen eta ez zuen aukerarik izan. Hala ere, astigartarrak bigarren jokoan erreakzionatu eta 5-8ko emaitzarekin partidua bana berdindu zuen. Joko lehiatuagoa eta ikusgarriagoa izan zen. Azken jokoan Arsuagak berriz ere aginte makila hartu zuen eta 4-2ko emaitzarekin erabaki zuen finala.

Egun berean, nagusien lehenengo mailako finala jokatu zen Oiartzungo Madalensoro frontoian, eta bertan, Eñaut Lizeagak ezin izan zuen txapela lortu. Tolosako Iker Amianok pasa den urteko txapela errepikatu zuen, eta 22-18 irabazi zuen aurrelari astigartarraren aurrean. Hala ere, azpitxapeldun izatea gustora egotekoa da.

 

Inhar Goñi, azpitxapeldun alebinen lehendabiziko mailan

Hernanin, ekialdeko alebinen lehendabiziko mailako finala ere jokatu zen ostiralean. Bertan, Mundarroko Inhar Goñi azpitxapeldun izan zen, finalean Otsabioko Aritz Ardibideren aurka 2-0 (8-5, 8-2) galdu eta gero.

 

Ekain Lizeaga eta Beñat Apezetxea txapeldun, Miguel Soroa Memorialean

Lizeagatarren anai zaharrenak, Ekainek, garaipena eskuratu zuen Miguel Soroa Memorialean, Tolosako Beotibar frontoian, pasa den larunbatean elite mailako finalean. Tolosako Labakarekin batera, erraz lortu zuen txapela, finalean Fernandez-Loza bikote errioxarra 22-5 garaitu eta gero. 

Lehendabiziko mailan ere bailarako pelotari batek lortu zuen txapela. Beñat Apezetxea goizuetarrak, Lapkeko Olidenekin batera, 22-21 irabazi zuen Zubizarreta (Lapke)-Apezetegia (Oberena) bikotearen aurka. Partidu ezin estuagoan erabaki zen finala. 

Hurrengo egunean, Ekain Lizeagak ez zuen zorte berdina izan, Zaldibar Torneoko finalean. Urtea amaitzeko, Lapkeko Zubizarretarekin batera, 12-22 galdu zuen Muruak (Soraluze) eta Cuairanek (Irurtzun) osatutako bikotearen kontra.

 

Altzan Lizeagatarrak, Xabier Apaolaza eta Urruzolaren aurka arituko dira finalean

Bailarako pelotariak protagonista izan dira Altzan ere. Igandean, Hernaniko Xabier Apaolaza seniorrak, Urruzola (Behar Zana) bikote zuela, 22-15 irabazi zuen Beñat Apezetxea goizuetarraren eta Gabirondoren aurka, Donostiako auzoko frontoian jokatzen den Gabonetako Torneoko finalerdian. Eñaut eta Ekain Lizeaga astigartarrek ere txartela lortu zuten aurretik, eta beraz, finala igandean jokatuko dute elkarren aurka.

 

Expositok garaipena, Promozio Txapelketan

Profesional mailan, Hodei Expositok ongi amaitu du urtea. Abenduaren 28an Promozio Txapelketako partidua irabazi zuen, Gaskuerekin batera, 22-11, Zubizarreta III.aren eta Ugartemendiaren aurka. Hiru garaipen ditu bikoteak bost partidutan, eta laugarren daude sailkapenean. Urtea hasteko, Urteberri egunean ere garaipena lortu zuen, 18-12, Erostarberekin, txapelketarako baliogarria ez zen partiduan.

Iker Salaberria oraindik lesionatuta, Zabalak ordezkatu zuen Beotibarren, Urtezahar egunean. Galdu egin zuten Zabalak eta Arbizuk, 22-12, Larrazabal eta Eskirozen kontra, eta garaipen bakarra lortu dute lehenengo itzulian. Ostiralean goizuetarra iragarri dute karteleran Eibarko Astelenan

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!