Gaur jokatuko dituzte binakako erremonte txapelketaren bi final haundiak, Galarretan

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 30a, 00:00

Finaleko material hautaketan, asteazkenean, zortzi erremontistak.

Binakako final nagusia eta bigarren mailakoa izango dira Galarretan, arratsaldeko 18:00etan hasita. 

Gaur arratsaldean jokatuko dira, Galarretan, binakako erremonte txapelketaren finalak, nola txapelketa nagusiko finala, hala bigarren mailakoa. 18:00etan hasiko da jaialdia, eta lehenengo partiduan bailarako bi erremontista arituko dira nor baino nor gehiago: Aitor Aiestaran hernaniarra Ander Goikoetxearen bizkartzain arituko da, eta aurkari izango dituzte Oier Apezetxea goizuetarra eta Jon Irazu.

Segidan jokatuko da binakako txapelketa nagusiaren finala. Aurreko astean erabaki zen nor ariko ziren gaur Galarretan: finalerdietan Kemen Aldabek eta Endika Barrenetxeak ezin izan zituzten Javier Urriza eta Xabier Azpiroz garaitu (14-15, 15-11 eta 1-8) eta, hortaz, Imanol Ansak eta Ibai Martirenak edo Urrizak eta Azpirozek jantziko dute aurtengo binakakoaren txapela. Ansak eta Martirenak ligaxkako azken partiduan eskuratu zuten finalerako txartela, abenduaren 16an, Aldabe eta Barrenetxea 2-1 garaitu ostean.

Partidu estua izatea espero da. Gaurko lau protagonistek elkarren aurka jokatu zuten azaroaren 10ean, eta Ansak eta Martirenak azken setean tanto bateko aldearekin menderatu zituzten Urriza eta Azpiroz: 15-12, 13-15 eta 8-7. Gaur izango dute nafarrek errebantxarako parada.

 

Bailarako bi erremontista elkarren aurka

Final nagusian bailarako erremonistarik ez, baina bigarren mailakoan bertako bi ordezkari izango dira aurrez aurre: Aiestaran V hernaniarra eta Oier Apezetxea goizuetarra. Asteazkenean izan zuten peloten hautaketa, eta oso gorputzaldi ezberdinarekin heldu ziren biak. Apezetxea bizkarreko arazoekin ibili da azken asteetan, eta haren esanetan, «dezente justu» helduko da finalera: «Ez da aitzakia, baina lunbagoa dela eta nahiko geldirik ibili naiz aste hauetan». Txanponaren beste aldean, Aiestaran dago: «Uste dut azken boladako egoera fisiko onentsuenean ailegatuko naizela finalera, gustora ari naiz entrenatzen, eta gorputza ongi erantzuten ari zait». Hernaniarrak dio ez duela ezer berezirik egin finala delako, baizik eta lehen zeraman entrenamendu dinamikari jarraikortasuna eman diola.

Apezetxeak faborito ikusten ditu Aiestaran eta Goikoetxea: «Esan nuen txapelketa hasieran, eta beraiei ere esan nien, txapela irabazteko bikote faboritoa zirela argi, baita Loitegi eta Eskudero ere, eta ez naiz gaizki ibili. Beraiek eduki beharko dute presioa, guk deus galtzeko ez dugu». Finalera sailkatze hutsarekin pozik da Apezetxea, eta gaur irabaziko balu sorpresa haundia izango litzatekeela esan du. Gaurko finalistak elkarren aurka aritu ziren hilaren 14an, eta Aestaran V.ak eta Goikoetxeak eskuratu zuten garaipena (15-11 eta 15-12). Hernaniarrak, ordea, badaki gaurkoa beste partidu bat dela: «Irazu pelotari erregularra da, eta Apezetxea kolpe haundikoa. Beraien jokoa eginez gero lanak izango ditugu haiei irabazteko». 

Denbora gutxi da bailarako bi kirolariek debutatu zutela, baina badute esperientzia dagoeneko finaletan. Apezetxeak debutatu eta gutxira irabazi zuen Berria Txapelketako finala iaz, eta ilusio berberaz biziko du gaurkoa ere: «Ni ezagutzen nauenak badaki kantxara sartzerako momentuan ehuneko ehuna ematen dudala, eta txapelketetan eta finaletan oraindik eta gehiago, motibazio eta tentsio gehiago izaten baitugu». Aiestarani dagokionez, berriz, Berria Txapelketako eta udako Sumer Sessionseko finalak jokatu zituen, eta bi final horiek galdu egin zituen: «Egia da arantza hori sartuta gelditu zaidala. Hala ere, iruditzen zait horrelako partiduak jokatzeko bereziki garrantzitsua dela burua lasai eta zentratuta mantentzea, eta beraz, hobe izango da aurreko finalak alde batera utzi eta honetan egin dezakegun jokoan zentratzea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!