Gipuzkoako txapeldun izateko aukera izango dute gaur arratsaldean, bailarako hiru esku pelotarik

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 29a, 00:00
Eñaut Lizeaga, aurreko partidu batean.

Eñaut Lizeaga buruz buru arituko da arratsaldeko 19:30etan Oiartzunen, eta Imanol Ormazabalek eta Oier Arsuagak Hernaniko kiroldegian jokatuko dute, 19:00etan.

Gipuzkoako txapela irabaztetik oso hurbil daude bailarako hiru esku pelotari. Eñaut Lizeaga astigartarrak, buruz buru txapelketa eder bat osatu ostean, gaur izango du final haundia Oiartzunen, arratsaldeko 19:30etan. Iker Amianoren kontra jokatuko du, eta partidu estua izatea espero da. Lizeagak, Gabonak egun bereziak izan arren, entrenamendu saioak egiten jarraitu duela azaldu du, eta etxera txapelarekin bueltatzeko esperantzarekin kantxaratuko da: «Iker Amiano oso ondo dabil, eta bera garaitzeko, konfiantzarekin jokatu beharko dut. Nirea ematen saiatuko naiz, daukadan gai hori atera eta irabazten ahaleginduko naiz», adierazi du.

 

Egun historikoa CD Hernanirentzat

Haurren lehenengo mailako finala ere gaur jokatuko da, eta bertan izango dira, nor baino nor gehiago, CD Hernaniko Imanol Ormazabal astigartarra eta Oier Arsuaga hernaniarra. Partidua Hernaniko kiroldegiko frontoian izango da, arratsaldeko 19:00etan. Halaxe dio Rufino Rekalde entrenatzaileak: «Imanol Ormazabalek, astigartarra den arren, bi urte daramatza gure klubean. Oier Arsuaga, berriz, Hernaniko pelotaria da, familia oso pelotazale bateko kidea. Bere osaba eta aitona Herriarteko Torneoan lortu genuen lehenengo txapelaren protagonista izan ziren». Egun «historikoa» da klubarentzat, Rekalderen esanetan, klubeko bi esku pelotarik ez baitute inoiz elkarren aurka jokatu txapelketa ofizial bateko final batean: «Ziurrenik urte asko beharko ditugu berriro ikusteko. Espero dugu ostiralean zaleek erantzutea eta jai eder bat ikustea kiroldegiko frontoian».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!