Inteligentzia artifizialak sortuko ditu Kronikan ohikoak diren albisteak, zuzenketak barne

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 28a, 00:00
Albiste hau aztertu ondoren inteligentzia artifizialak sortutako irudia.

Bikaintasuna lortzera bidean, inteligentzia artifizialaren aldeko apustua egin du Dobera-Kronikak. 2024an jarriko dute martxan. 

Inteligentzia artifiziala bolo bolo dabilen honetan, albisteak sortzeko tresna bat izango du Kronikak 2024tik aurrera. Testu osoak sortzeko gaitasuna izateaz gain, informazioa bilatuko du, azken orduko aldaketak ere kontuan hartuta. 

Momentuz, Kronikan ohikoak diren albisteak idatziko ditu inteligentzia artifizialak. Kalez Kale Kantariko 'ohiko lekua eta ordua' zehaztasunez argitaratuko du, eta automatikoki bilduko ditu bailarako kirol talde guztien emaitzak eta estatistikak. Gailuak idazten dituen albisteak koadro baten barruan jarriko dira, erraz identifikatu ahal izateko. 

Bailarako elkarteek aukera izango dute datu basea haunditzeko, ekarpenak egiteko aukera izango baitute kronika@kronika.eus helbidera idatzita. 

 

Gertutik jarraituko ditu bailarako kulturgileak

Kultur arloan arreta berezia jarriko du Kronikako inteligentzia artifizialak. Esaterako, 2023an ere sari ugari jaso dituen Iñigo Legorburu hernaniarrak parte hartzen duen sariketa, txapelketa, lehiaketa, norgehiagoka, norgehiagoketa, apustu, buruz buruko eta tankerako saio guztiak detektatuko ditu. Horietako batean sariren bat (edo bi) lortzen badu, Kronikan argitaratuko da automatikoki. 

 

'Okerrak zuzen' atala, bertan behera

Inteligentzia artifizialaren beste indargune bat ordutegietako gaizkiulertuak ekiditea izango da. Antolatzaileek ordutegi bat bidali eta abixatu gabe aldatzen badute, automatikoki detektatuko du aldaketa. Hortaz, ordutegien zehaztasun maila oso altua izango denez, bertan behera geratuko da Kronikako 'Okerrak zuzen' atal historikoa. 

2023 amaiera proba txikiak egiteko baliatuko du Kronikako lan taldeak, eta urte berriarekin batera jarriko du martxan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!