Garaipen bat eta bi berdinketa, bailarako futbol talde nagusiek

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 27a, 00:00
Beñat Mendizabal 'Astro', artxiboko irudian.

Hernaniko gizonezkoen Ohorezko Erregional mailako taldeak lortu zuen garaipena.

Neguko atsedenaldiaren aurretik puntuak gehitzea lortu zuten Urumea bailarako hiru futbol talde nagusiek. Emaitza pozgarriena Hernaniko gizonezkoen Ohorezko Erregional mailako taldeak eskuratu zuen, etxetik kanpo Beti Gazte taldeari 0-2 irabazita. Partiduko golak 'Astro'k eta Aitorrek sartu zituzten, eta taldeak berriro erakutsi zuen maila ezinhobean iritsi dela Gabonetara. 

Azken zazpi jardunaldietan 5 garaipen eta 2 berdinketa eskuratu ditu Hernanik. Une honetan, sailkapeneko seigarren postuan daude berdeak, 29 punturekin. Espero zen modura, oso estu daude kontuak sailkapenaren goialdean, eta liga luzea izango dela dirudi.

Emakumezkoen Euskal Ligako taldeari dagokionez, larunbatean jokatu zuten partidua, urtarrileko jardunaldia aurreratuta. Anaitasunaren etxetik ezin izan zituzten hiru puntuak Hernanira ekarri, baina berdintzea lortu zuten. Itxura txarra hartu zuen markagailuak, 2-0 hasi zen galtzen Hernani, baina Juneren eta Noaren golei esker puntu bat eskuratu zuten Txerloian. 

Taldeak erritmo onean jokatzen jarraitzen du, eta dagoeneko goiko postuetan egonkortu da. Bosgarren postuan iritsi dira atsedenaldira, eta oporretatik bueltan edozein talderen aurka lehiatzeko prest izango dira jokalariak.  

Bolada kaxkarrean jarraitzen du Mundarrok

Burua altxatu ezinean dabil Mundarro. Bolada txarrean murgilduta daude astigartarrak, eta asteburuan ezin izan zuten garaipena eskuratu, Zarkumendegin, Santo Tomas taldearen kontra. 0-0 berdindu zuten partidua, eta jada sei jardunaldi daramatza taldeak garaipenik eskuratu gabe. Oraingo atsedenaldia hobetzeko baliatu beharko dute, sailkapenaren behealdetik urruntzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!