Etxez etxe opariak banatu aurretik, kale buelta egingo dute Olentzerok eta Mari Domingik

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 24a, 00:00

Bailarako zenbait herri zeharkatuko dituzte gaurkoan, Olentzerok eta Mari Domingik. Hortaz, goizean nahiz arratsaldean izango dute entretenimendua, bailarako herritarrek.

Urduritasuna gailenduko da gaur etxeko txikien artean, Olentzerok eta Mari Domingik Urumea bailarako etxeak zeharkatuko baitituzte, opariak banatuz. Gauean izango da hori, eta aurretik, bailarako herrietan geldialdiak egingo dituzte musika lagun dutela, gaztetxoak ezagutzeko asmoz. Hitzordu goiztiarrena aranoarrek dute, goizeko 09:00ak aldera aterako dira Surotik, betiko kale buelta eginez, eta ohiturak ez galtzeko, Aranoko Kontsejun bazkari baten bueltan elkartuko dira. Ereñotzuarrek, 09:30etan jarri dute hitzordua, Katiluzar Guraso Elkarteak antolatuta, kantaldia eta kalejira eder bat egingo dute Ereñotzuko txokoetan zehar. Goizuetarrek, berriz, 11:00etan Olentzerorekin dute hitzordua, etxez etxeko ibilbidea eginen dute denek elkarrekin, gabonetako kantak kantatuz. Hernaniarren kasuan, goizean ere izango dute entretenitzeko aitzakia, izan ere, kalejira herrikoia antolatu dute Langileko, Urumeako eta Elizatxoko gurasoek, Aratz Ikastolarekin batera. Irteera lau zutabetan izango da, goizeko 11:00etan abiatuta: Atsegindegitik, Bidebietatik, Karabeletik eta Aratzetik. Eguerdiko 12:00etan, berriz, Kantuz Abesbatzaren kale bueltak hartuko du protagonismoa, Kaxkoan. Astigartarren kasuan, etxeko txikiek Olentzero eta Mari Domingi agurtzeko aukera izango dute goizeko 11:30etan, Santiagomenditik jaitsiera egingo baitute. Segidan, Foru Plazan kantaldia egongo da eta kalejiran herriko txokoak zeharkatuko dituzte.

Olentzero eta Mari Domingi arratsaldeko 16:00etan iritsiko dira Hernanira. Hernaniko Bertso Eskolak antolatuta, Iparragirretik abiatuko da ohiko erronda. Trikitilariak eta bertsolariak elkartuta, baserriz baserri osatuko dute ibilbidea. Erdigunean geratu nahi dutenentzat, berriz, arratsaldeko 17:00etan iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi, Zinkoeneatik. Kaleetan barrena kalejiran ibili ostean, ekitalditxoa egingo dute amaieran herriko plazan. Zelabideko auzotarrek ere izango dute Olentzerorekin egoteko aukera, arratsaldeko 18:00etan gutunak jasotzen egongo baita, Gabriel Zelaia plazan. Azkenik, Gabon gaueko erronda egingo dute Hernaniko Musika Bandako Kideek, 20:00etatik aurrera.  

Arratsaldeko 18:30etan, goizuetarrek Olentzeroren eta Mari Domingiren etorreraz gozatzeko aukera izanen dute, eta harrera eginen diete denek, plazan. 

 

OLENTZERO ETA
MARI DOMINGI

HERNANI

GAUR

11:00 Familien kalejira. Irteera lau zutabetan Atsegindegitik, Bidebietatik, Karabeletik eta Aratzetik. Gudarien plazan elkartuko dira.

12:00 Kantuz Abesbatzaren kale buelta, Kaxkoan.

16:00 Olentzeroa, Iparragirre sagardotegitik hasita. Hernaniko Bertso Eskolak antolatua.

17:00 Olentzeroren eta
Mari Domingiren etorrera, Zinkoeneatik.

18:00 Olentzero eta Mari Domingi Gabriel Zelaia Plazan. Zelabide Auzo Elkarteak antolatuta.

20:00 Gabon gaueko erronda, Hernaniko Musika Bandaren eskutik. Kaxkoan.

ARANO

GAUR

09:00 Kale buelta musika lagun dutela, Surtoik. 

Eguerdian, Kontsejun bazkaria

ASTIGARRAGA

GAUR

11:30 Olentzeroren eta Mari Domingiren jaitsiera Santiagomenditik. Foru plazan kantaldia eta kalejira herritik.

GOIZUETA

GAUR

11:00 Olentzerorekin etxez etxeko ibilbidea, gabonetako kantak kantatuz.

18:30 Olentzeroren eta Mari Domingiren iritsiera. Harrera herrian eta topaketa.

EREÑOTZU

BIHAR

09:30 Katiluzar Guraso Elkarteak antolatuta, kantaldia eta kalejira Ereñotzun zehar.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!