Bihar iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi Urumea bailarako herrietara, gaztetxoekin kalejiran aritzeko

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 23a, 00:00
Jarduera ugari izango dira Hernanin, goizean eta arratsaldean.

Bailarako herrietan zehar ibiliko dira bihar Olentzero eta Mari Domingi. Haiekin kalejira egiteko aukera izango da, eta gutunak jasoko dituzte ondoren. Kantuak, musika eta bertsoak izango dira ekitaldietan.

Bihar iritsiko dira Urumea bailarako herrietara, opari eta guzti, Olentzero eta Mari Domingi. Gau magikoaren aurretik, herrietako kaleetan zehar ibiliko dira, gaztetxoenekin une goxoak sortzeko eta hitz egiteko prest. 

Jarduera gehienak Hernanin izango dira. Goizeko 11:00etan familien kalejira abiatuko da herriko lau lekutatik, eta Gudarien plazan elkartuko dira ekitaldi txiki bat egiteko. Kantuz Abesbatzako kideak ere eguerdian aterako dira kalera, 12:00etan, urteroko kale buelta egiteko. Kaxkotik barrena arituko dira abesten. 

Olentzero eta Mari Domingi arratsaldean iritsiko dira Hernanira. 16:00etan, Hernaniko Bertso Eskolak antolatuta, Iparragirretik abiatuko da ohiko erronda. Trikitilariak eta bertsolariak elkartuta, baserriz baserri osatuko dute ibilbidea. Erdigunean geratu nahi dutenentzat, berriz, arratsaldeko 17:00etan iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi, Zinkoeneatik. Herriko kaleetan kalejiran ibiliko dira, eta, musikarien laguntzaz, ekitalditxo bat egingo dute amaieran. Zelabide auzora ere iritsiko dira; izan ere, arratsaldeko 18:00etan gutunak emateko aukera izango dute gaztetxoek, Gabriel Zelaia plazan. Azkenik, Gabon gaueko erronda egingo dute Hernaniko Musika Bandako Kideek, 20:00etatik aurrera.  

Astigarragara goizean iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi.  Santiagomenditik jaitsi eta Foru plazan abesten arituko dira 11:30etan. Ondoren, herriko kaleetan zehar kalejira egingo dute. 

 

Etxez etxe kantuan, Goizuetan eta Ereñotzun

Ereñotzuko Katiluzar Guraso Elkarteak antolatuta, kantaldia eta kalejira egingo dute bertan. Goizeko 09:30etan jarri dute hitzordua. 

Goizuetan ere etxez etxeko erronda egingo dute goizean, 11:00etan hasita, Olentzeroren laguntzarekin. Arratsaldean, berriz, harrera eta hizketaldia egingo dute Olentzero eta Mari Domingirekin.

 

OLENTZERO ETA
MARI DOMINGI

HERNANI

BIHAR

11:00 Familien kalejira. Irteera lau zutabetan Atsegindegitik, Bidebietatik, Karabeletik eta Aratzetik. Gudarien plazan elkartuko dira.

12:00 Kantuz Abesbatzaren kale buelta, Kaxkoan.

16:00 Olentzeroa, Iparragirre sagardotegitik hasita. Hernaniko Bertso Eskolak antolatua.

17:00 Olentzeroren eta
Mari Domingiren etorrera, Zinkoeneatik.

18:00 Olentzero eta Mari Domingi Gabriel Zelaia Plazan. Zelabide Auzo Elkarteak antolatuta.

20:00 Gabon gaueko erronda, Hernaniko Musika Bandaren eskutik. Kaxkoan.

ASTIGARRAGA

BIHAR

11:30 Olentzeroren eta Mari Domingiren jaitsiera Santiagomenditik. Foru plazan kantaldia eta kalejira herritik.

GOIZUETA

BIHAR

11:00 Olentzerorekin etxez etxeko ibilbidea, gabonetako kantak kantatuz.

18:30 Olentzeroren eta Mari Domingiren iritsiera. Harrera herrian eta topaketa.

EREÑOTZU

BIHAR

09:30 Katiluzar Guraso Elkarteak antolatuta, kantaldia eta kalejira Ereñotzun zehar.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!