Enaitz Goñi Espainiako Kluben Arteko Txapelketan Bidasoarekin Ohorezko Mailara igotzetik gertu geratu da

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 23a, 00:00

Irungo Bidasoa mutilen taldeak hirugarren postua lortu du Castellonen jokatutako Espainiako Kluben Arteko Txapelketan, gizonezkoen Lehenengo Mailan. Ohorezko Mailara bi talde igotzen dira, Estatuko zortzi talde onenak osatuz, eta irundarrek igoera gertu izan arren ez dute lortu. Mediterrani eta Ferca San Jose taldeek lortu dute igoera. Nesken taldeak berriz maila galdu du, Bartzelonan Ohorezko Mailan zazpigarren postuan amaitu eta gero.
Bidasoako partaide izan dira Enaitz Goñi bost probetan eta Olatz Altuna 4x50 libre erreleboan. Maila bikainean aritu dira astigartarra eta hernaniarra. Guztietan lortu ditu Enaitzek bere markarik onenak. Asteazkenean, 1.500 metro libreetan, bere markarik onena 10 segundutan hobetu zuen 15:50.78ko denborarekin, sailkapenean hamargarren postua lortuz. 
Ostegunean hiru probetan hartu zuen parte. Goizean 400 metro estiloetan bere denborarik onena lau segundutan hobetu zuen, 4:30.41eko denbora eginez eta hamaikagarren postua eskuratuz. Goiza amaitzeko 4x200 metro libreko partaide izan zen. Lehenengo errelebista izan zen eta 1:51.10eko denborarekin 61 ehunenekotan jaitsi zuen bere marka. Bidasoak 7:19.37eko denbora behar izan zuen amaitzeko, Euskadiko talde batek inoiz egin duen bigarren denborarik onena. Arratsaldean 200 metro bizkar 2:03.09ko denborarekin amaitu zuen, zazpigarren postuan, eta bere denbora onena segundu batean hobetu zuen.
Olatz Altuna igeriketara bueltatu da hamar urte baino gehiago lehiatu gabe egon eta gero. 26:35 egin zuen ostegunean erreleboan 50 librean.
Atzo izan zen azken jardunaldia eta 400 metro libreetan bere denbora hiru ehunenekotan hobetu zuen (3:59.35), 11garren amaituz 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!