Aldabek eta Barrenetxeak Binakakoaren finalerdia jokatuko dute gaur Urrizaren eta Azpirozen aurka

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 23a, 00:00

Javier Urriza, Xabier Azpiroz, Kemen Aldabe eta Endika Barrenetxea material aukeraketan banatutako pelotekin.

Garailea finalera pasako da Ansa II.aren eta Martirenaren aurka. Gaurko jaialdia 15:15etan hasiko da eta Bigarren mailako finalerdia ere jokatuko da Loitegi-Eskudero eta Irazu-Apezetxea bikoteen artean.

Binakako Txapelketa nagusiko eta Bigarren mailako finalerdiak jokatuko dira gaur Galarretan, 15:15etan hasiko den jaialdian. Bailarako erremontariak izango dira bi finalerdietan. Honela, Txapelketa Nagusian Aldabe eta Barrenetxea IV.a, Urrizaren eta Azpirozen aurka arituko dira. Ostegunean aukeratu zituzten finalerdirako pelotak eta gaur izango da eguna horiek erabiltzeko. 

Jaialdiko bigarren partidua izango da eta garailea finalera sailkatuko da. Ansa II.a eta Martirena finalerako sailkatu dira eta gaurko garailearen zain daude. Ligaxkan elkarren aurka txapelketa ireki zuen jaialdian jokatu zuten eta orduan Aldabek eta Barrenetxeak erraz gainditu zituzten Urriza eta Azpiroz (15-10, 15-6). Hala ere, ordutik hona asko aldatu dira gauzak. Urrizak eta Azpirozek hobekuntza nabaria izan dute txapelketan zehar. Faborito ziren hasi aurretik, baina lehendabiziko bi partiduetan ez ziren euren mailan aritu. Aurrelari iruindarrak bere maila onena berreskuratu du eta Azpiroz bezalako atzelari batekin faborito direla esan daiteke. Aldabek eta Barrenetxea hernaniarrak erregulartasun haundia erakutsi dute eta maila altuan jokatu dute hasieratik. 

Gakoa sakean egon liteke. Azpirozek ongi ateratzen du zabaletik eta Barrenetxea sakatzaile aparta da. Bietatik gehien asmatzen duenak min haundia egingo du ondorengo peloteoan. Azpirozen eta Aldaberen jokoa erabakiorra izan daiteke. 

Apezetxea goizuetarra finalaren bila

B edo Bigarren mailako txapelketaren finalerdia ere jokatuko da eta jaialdiko azken partidua izango da. Loitegik eta Eskuderok, Irazu eta Apezetxea goizuetarraren aurka jokatuko dute. Hernanik eta Urnietak finalista ziurtatuta dute Goikoetxearekin eta Aiestaranekin, baina hiru ordezkari izan ditzake bailarak Apezetxeak irabazten badu.

Kasualitatez bi bikote hauen arteko ligaxkako partidua ere, Txapelketa Nagusian bezala, lehenengo jardunaldian izan zen. Azaroaren 4an Loitegik eta Eskuderok 2-1  (15-8, 12-15, 8-4) irabazi zuten partidu oso parekatuan. Bigarren finalerdi hau oso parekatua espero da. Bi bikoteak maila parekoa dutela erakutsi dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!