Labaka-Arsuaga eta Oses, Baztango Torneoko txapeldunak

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 19a, 00:00

Labaka, Oses eta Arsuaga.

Infantiletan lortu zuten garaipena bikote hernaniarrak eta Osesek kadeteetan
lortu du txapela Ibarzabalekin.

Elizondon, Baztan Torneoko txapeldun irten dira asteburuan hiru pelotari hernaniar. Aratz Labaka eta Oier Arsuaga infantilek 18-9 irabazi zioten Rekalde eta Santesteban nafarrek osatutako bikoteari. Oberenakoak ziren faborito, baina ezustea eman zuten hernaniarrek. Kadeteetan ere antzekoa gertatu zen, Ilunpe taldeko Arsuaga eta Aretxe azpeitiarrak ziren faborito, baina Ekhi Oses hernaniarrak eta Ibarzabal markinarrak ezustea eman zuten, 18-8, finala irabaziz. Bi txapel horiekin, C.D. Hernaniko pelotariek sei txapelketa irabazi dituzte denboraldi honetan.

Oso garrantzitsuak izan ziren, baita ere, Oier Arsuaga eta Imanol Ormazabal infantilen garaipenak, Gipuzkoako Banakako Txapelketako finalerdietan. Lorpen historikoa izan da klubarentzat, historian inoiz ez baita lortu bi pelotarik txapelketa ofizial bateko final batean elkarren kontra jokatu behar izatea. 

Arsuagak 2-1 (8-2, 6-8, 4-2) irabazi zion Landari (Lapke). Ormazabalek 2-0 (8-4, 8-3) irabazi zion Manzisidorri (Lapke).

Nagusien mailan, Ekain Lizeaga finalerdietara sailkatu da, lehenengo mailan, final laurdenetan Larrañaga (Ilunpe) 22-12 garaitu eta gero.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!