Dantza, talo eta postu artean, giro ederra sortu zen Hernaniko eta Astigarragako Santo Tomasetan

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 17a, 00:00

Herritar ugari elkartu ziren Santo Tomaseko ospakizunetan. Txikienak gustura aritu ziren Astigarragan, dantza saio eta guzti. Gaur Lizeagan eta Portun ospatuko dute.

Neguko oporren atarian, Santo Tomaseko feriak antolatu zituzten atzo Hernanin eta Astigarragan. Herritar ugari elkartu ziren bi herrietan, eta txistorra pintxoa jateko tartea hartu zuten gehienek. 

Hernanin egun osoan zehar izan zen festa giroaz gozatzeko aukera. Errugbi elkarteko kideak izan ziren postua jartzen lehenengoak, eta San Joan Konpartsako eta eskubaloi taldeko kideek eman zioten jarraipena festa egunari beranduxeago. Goizeko feria amaituta, Patxi eta Konpainia erromeri taldearekin dantzaldia egin zuten arratsaldean.

Astigarragako ospakizuna goizean izan zen. Txalapartariek egin zieten harrera herritar goiztiarrenei, eta Herri Eskolako ikasleak izan ziren protagonista nagusiak. Bokatak banatu eta zozketa egin ondoren, erromeria egin zuten Foru plazan. 

 

Festak jarraipena izango du gaur, Portun eta Lizeagan

Santo Tomas eguneko feriek jarraipena izango dute gaur, Portu eta Lizeaga auzoetan. Portun eguerdiko 12:00etan jarri dute txistorrada egiteko hitzordua, Ibarrolaburu plazan. Ondoren, Gabonetako saskiaren zozketa egingo dute bertan. 

Lizeagan, berriz, eguerdiko 12:30etan hasiko da txistorrada, Auzo plazan edo Urumea ikastolan izango da, eguraldiaren arabera. 13:00etan Gibelaldeko bazkideen artean lau saski zozketatuko dituzte. Auzo elkartetik azaldu dute bazkidetza berresteko edo bazkide berriak egiteko aukera ahalbidetuko dutela gaur, Santo Tomaseko ferian bertan.

Erlazionatuak

Santo Tomas jaia Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2023 abe 16 Astigarraga

Santo Tomas jaia Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2023 abe 16 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!